Jesus Agoues eta Jose Maria Gibelalde urte luzez aritu ziren Zarauzko Trilatloia antolatzen, hastapenetako garaietatik. Lehen urte haietako kontuak ekarri ditugu gogora elkarrizketan.
Nola sortu zen Zarauzko Triatloia?
Agoues: Zarauzko Triatloiaren hazia Getaria-Zarautz igeriketa proba dela esango nuke. Kanpotik jende dezente etortzen zen zeharkaldia egitera. Horietako bat Oscar Gutierrez zen, Santanderkoa, eta Zarautz ikaragarri gustatzen zitzaion. Haren ideia izan zen triatloia antolatzen hastea.
Jakin nuenez, Gasteizen triatloi bat antolatzeko saiakeran zebilen garai hartan, eta aukera hura atera ez zenean, Zarauzko Turismo Bulegoko atea jo zuen. Haiek igeriketa proba antolatzen zutenekin jarri zuten harremanetan, eta esango nuke, hor duela sorburua Zarauzko Triatloiak.
Gibelalde: 1987an gertatu zen hori. Urte horretan, Zarautz herriaren sorkuntzaren 750. urteurrena betetzen zen, eta orduko Udalak zerbait berezia antolatu nahi zuen. Horren harira, gurekin, hau da, atletismo taldearekin harremanetan jarri ziren. Igeriketa eta kulturismo taldeekin ere bai, denon artean zer egin genezakeen erabakitzeko.
Ordurako bagenuen Estatu Batuetan egiten ziren triatloien berri, eta aipatutako Oscar Gutierrezek bazekien zerbait guzti horren inguruan. Hemen igeriketako proba egiten zenez, eta ingurua oso aproposa zenez bizikletarako eta korrika egiteko, hiru disziplinak uztar genitzakeela ikusi genuen.
Zer distantzia zituen lehen triatloi hark?
Gibelalde: 2 kilometro inguru igerian, 80 kilometro bizikleta gainean eta 20 kilometro korrika.
Eta zenbat lagunek parte hartu zuten lehen edizioan?
Gibelalde: Oker ez banago, 40 lagun inguruk.
Agoues: Bai, eta parte hartzaile horietatik bi ziren zarauztarrak. Nik bigarren edizioan parte hartu nuen. Urte horretan, Austral markakoek esan zuten ez zutela gehiago antolatuko triatloia, eta orduan, Turismo Bulegoko Ana Marik Juan Treku eta bioi deitu zigun. Gibelalde ordurako saltsan zebilen. Urteetan zehar, lauron artean antolatu dugu proba.