Bizitza erdigunean jartzearen garrantzia azpimarratu dute mugimendu feministako kideek plazan elkartu diren ehunka herritarren aurrean. Goizean bezala, adin guztietako emakumeak batu dira bertan, baita hainbat gizonezko ere.
Gaurko prestatutako dantzak eta abestiak hartu dute protagonismoa eta momentu hunkigarriak izan dira. Horren aurretik, ordea, zenbait adierazpen egin dituzte antolatzaileen ordezkariek.
Batetik, gogoan izan dituzte interna gisa lanean ari diren emakumeak eta, "protestarekin bat egin arren, greba egin ezin dutenak". Baita etxekoandreak eta zaintza lanak egiten dituzten emakume guztiak ere. Txaloak eskatu dituzte haientzat guztientzat, eta baita jaso ere, bildu direnen partetik.
Bestetik, eskerrak eman dizkiete grebara batu diren guztiei, eta modu batera edo bestera beren ekarpena egin dutenei.