Martxoak 8, Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna

Ehunka emakume, bizikleta martxa aldarrikatzailean

Zarauzko Hitza

10:00etan hasi dira Martxoaren 8ko ekintzak. Lege Zaharraren enparantzatik abiatuta, ehunka emakumek hartu dute parte bizikleta martxa aldarrikatzailean. Korrika eta patinetan ere animatu dira batzuk.

Adin guztietako emakumeak atera dira kalera Martxoaren 8 honetan. Euren eskubideak aldarrikatzeko hainbat ekintza antolatu dituzte gaurko, eta aurreneko hitzordua bizikleta martxa aldarrikatzailea izan da.

Lege Zaharraren enparantzatik abiatuta, kalez kale ibili dira. Iñurritzara joan dira aurrena, eta handik Araba kaletik pasatu, anbulatorioraino joan, eta berriz ere plazan amaitu dute saioa.

Bizikletetara igo bezain pronto euri zaparrada hasi da botatzen, baina ehunka emakumek ekin diote ibilbideari, eta Araba kalera iritsi direnean gehiago zirela ere bazirudien. Emakume batzuek euren seme-alabak ere eraman dituzte bizikleta martxara.

Umoretsu baina aldarrikapenak ahaztu gabe egin dute eguneko lehen ekintza.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide