Zazpi urteko zigorra berretsi dute Zarautzen neska bat bortxatzeagatik

Zarauzko Hitza 2019ko otsailaren 28a

Zarautzen 2015. urteko San Pelaio jaietan neska bat bortxatzeagatik zazpi urteko espetxe zigorra ezarri zion Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak gazte bati, iazko martxoan. Akusatuak helegitea aurkeztu zuen arren, Auzitegi Gorenak zigorra berretsi berri du.

Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak zazpi urteko espetxe zigorra ezarri zion iaz gazte bati, 2015. urtean San Pelaio jaietan neska bat bortxatzeagatik. Epaiketan mahaigaineratu ziren frogek "neskak bere deklarazioan emandako bertsioa" berretsi zutela iritzita, auzitegiak sinesgarritasun osoa eman zion biktimaren testigantzari. Espetxe zigorraz gain, 10 urteko urruntze agindua eta 30.000 euroko kalte-ordaina barnebiltzen ditu zigorrak.

Epaiaren aurrean, akusatuak helegitea aurkeztu zuen, "baimendutako harreman sexuala" izan zela eta neskak "gelditzeko eskatu" zionean "gelditu" egin zela argudiatuta. Bestalde, epaiketan ez zela bere aurkako "nahikoa froga egin" gaineratu zuen, eta beraz, bere errugabetasun ustekizun eskubidea urratua izan zela ondorioztatu zuen.

Auzitegi Gorenaren berrespena

EFE agentziak jakinarazi duenez, Auzitegi Gorenak berretsi egin du Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak ezarritako zigorra. Hain zuzen ere, akusatuak neska bortxatu zuela "modu arrazionalean" ebatzi zuen epaimahaiak, Auzitegi Gorenaren arabera. "Ondorio hau ez da logikarik gabea edo apetazkoa", gehitu du.

Ahozko saioan "aldeek proposatutako froga" egin dela eta hau "zigor-epaia emateko nahikoa" izan dela adierazi du Gorenak: "epaimahaiak modu arrazionalean baloratu du epaia".

30.000 euroko kalte-ordainari dagokionez, ez dela "apetaren arabera" ezarri ere azaldu du. Hain zuzen ere, "biktimak jasotako lesio fisikoak" konpentsatzeaz gain, "bereziki", "kalte moraletik eratorritakoak" konpentsatuko dituela iritzi dio.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide