Martxoaren 8an egun osoko grebara deitu dituzte emakumeak. Horregatik, emakumeei laguntzeko zaintza gune bat jartzeko asmoa du gizon talde batek. Hain zuzen, gaur arratsaldean egingo dute bilera irekia, 19:00etan, Putzuzulon.
"Mugimendu feministatik egindako deialdiari jarraiki, greba babesteko asmoz, zaintza lanez arduratuko gara, emakumeek* greba egin dezaten", azaldu dute antolatzaileek.
Bestalde, emakumeei ere dei egin diete, beraiekin harremanetan jartzeko. "Greba egunean izan ditzakezun beharrak bilduko ditugu eta gizonen artean banatuko ditugu, zuk mobilizazioetan parte hartu ahal izateko". Horretarako, zaintzasareazarautz@gmail.com eposta sortu dute, emakumeek beren izena, zaintza beharrak, ordutegia eta kontaktua helarazi ahal izateko.
Bestela, bihar, martxoak 1, Lege Zaharren enparantzan antolatutako ekimenetan ere aukera izango da izena emateko.
Zarautzen gaur hasiko dira Martxoaren 8arekin lotutako ekitaldiak.