Igande honetan egingo dute 40. Kros Mistoa

Zarauzko Hitza 2018ko azaroaren 29a

Ohi bezala, 7,5 kilometroko ibilbidea egingo dute parte hartzaileek herrian zehar, Aritzbatalde kiroldegitik abiatuta. Izena emateko aukera badago oraindik, eta egunean bertan ere eman ahalko da.

Zarautz Kirol Elkarteko Atletismo atalak antolatu du Kros Mistoa lasterketa herrikoia, eta igande honetan jokatuko da, 11:30ean. Aritzbatalde kiroldegi aurretik abiatuko dira korrikalariak, eta herrian zehar 7,5 kilometro egin ondoren, Musika Plazan amaituko dute lasterketa.

Bi arau nagusi jarri dituzte aurten ere: bikotea elkarrekin sartzea helmugan, eta proba ordubetez azpitik amaitzea. Parte hartzeko hamasei urte izatea ere derrigorrezkoa da.

Zabalik dago izena emateko epea, eta egunean bertan ere eman ahalko da. Izena aldez aurretik emanez gero, 25 euro kostako da (Helmuga Kirolak dendan edo herrikrosa.eus atarian). Egunean bertan, proba hasi baino orduerdi lehenagora arte eman ahalko da, eta 30 euro ordaindu beharko da.

Dortsalak bi egunetan banatuko dituzte: abenduaren 1ean, larunbata, 17:30etik 19:00etara bitartean; eta egunean bertan, 09:30etik 11:00etara. Aritzbatalde pilotalekuan banatuko dituzte. Hain zuzen, toki horretan jarriko dute motxilak uzteko gunea. Dutxak, berriz, kiroldegian egongo dira erabilgarri.

Iaz 500dik gora

Proba arrakastatsua izaten da Zarauzko Kros Mistoa. Iaz, esaterako, 535 bikote lehiatu ziren, eta txapelak, gutxigatik izan bazen ere, Abadiño aldera joan ziren. Izan ere, Oihana Azkorbebeitia eta Eneko Zarrabeitia bikotea nagusitu ziren. 00:27:31 denbora egin zuten.

Zazpi segundora helmugaratu zen bigarren bikotea: Irene Loizate eta Paul Bereziartua durangarrak. Zarauztarren artean, berriz, Usoa Ostolaza eta Unai Zabala izan ziren bizkorrenak, 00:30:35 denborarekin.

Hemen ikus daitezke iazko argazkiak.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide