Zarauzko Triatloia 2019

Astelehenean zabalduko dute Zarauzko Triatloiko aurre-inskripzioa

Zarauzko Hitza 2018ko aza. 6a, 13:15

2018ko Zarauzko Triatloiko une bat. (Amaia Urbieta Arruti)

Ekainaren 8an izango da Zarauzko 33. Triatloia, eta izena emateko prozesuan berrikuntzak izango direla aurreratu dute antolatzaileek.

Zabalik dago 2019ko Zarauzko Triatloiko aurre inskripzioa. Orain arte bezala, aurreko urteko Triatloiko lehen hamar triatleten izen-ematea doakoa izango da, eta lekua gordeta izango dute. Horrez gain, aurreko hiru urteetako parte hartzaile guztien sailkapeneko lehenengo hogei triatletek ere lekua gordeta izango dute Triatloirako, baina gainontzeko parte hartzaileen moduan ordaindu beharko dute. Neurri honen bidez, parte hartzaileen kirol maila altua bermatu nahi dute, antolatzaileek azaldu dutenez. Lehen hogei horiek dortsalen zozketa baino lehenago eman beharko dute izena (azaroak 28).

Antolakuntzak 600 dortsal zozkatuko ditu, eta falta diren 100ak kupoak betetzeko gordeko dituzte (emakumeak/gizonak, euskaldunak/espainiarrak/atzerritarrak...).

Urtero 700 triatleta inguruk hartzen dute parte. Horrelako proba baterako parte hartzaile kopurua handia dela esan dute antolatzaileek, eta proba behar bezala ateratzeko lan handia egin behar izaten dutela. Horretarako, 300 boluntario baino gehiago aritzen dira laguntzen proba baino lehenago eta egunean bertan.

Zarauzko 33. Triatloian parte hartu nahi duten kirolariek astelehenetik (azaroak 12) aurrera edukiko dute izena emateko aukera, azaroaren 26ra arte. Hain zuzen ere, webgune honetan egin beharko dute: https://www.rockthesport.com/es/evento/triatlonzarautz2019.

Zozketa azaroaren 28an egingo dute, eta proban sartzeko aukera izango dutenek izena emateko mezu bat jasoko dute. Triatloiko izen-ematea ofizial egiteko, 150 euro ordaindu beharko dituzte abenduaren 2a baino lehen.

Izen-emate prozesuarekiko edozein zalantza izanez gero, mezu bat idatzi daiteke ondorengo helbide elektronikora: soporte@rockthesport.com.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide