Txaber Altubek irabazi du Lizardi sariketako lehenengo saioa

Zarauzko Hitza 2018ko abuztuaren 31

Txaber Altube bertsolaria. (Goierriko Hitza)

211'5 punturekin, zuzenean finalerako sailkatzea lortu zuen. Aitor Salegi zestoarrak egin zuen bigarren, eta Danel Olano getariarrak hirugarren postua eskuratu zuen. Gaur izango da sariketako bigarren kanporaketa saioa, 22:00etan Imanol Urbieta musika eskolan.

Atzo hasi ziren Lizardi Bertsolari Gazteen XLII. Sariketako kanporaketak. Imanol Urbieta musika eskolan izan zen lehenengo saioa, 22:00etan. Bertan, Markel Eizagirre, Maialen Akizu, Josu Sanjurjo, Aitor Salegi, Ane Beloki, Asier Galarza, Txaber Altube eta Danel Olano bertsolariek hartu zuten parte. Amaia Urbieta aritu zen gai jartzaile lanetan.

211'5 punturekin, Txaber Altube abañidoarrak eskuratu zuen lehenengo postua. Honela, zuzenean finalerako sailkatu zen. Aitor Salegi zestoarrak egin zuen bigarren, 211 punturekin, eta Danel Olano getariarrak hirugarren postua lortu zuen, 208 punturekin. Josu Sanjurjok eta Maialen Akizuk puntuazioa berdindu zuten, 204'5, baina irizpideen arabera, Sanjurjok irabazi zuen laugarren postua, eta Akizuk, bosgarrena. Asier Galartzak seigarren egin zuen, 198 puntu osatuta, eta Ane Belokirentzat izan zen zazpigarren postua, 187 punturekin. Markel Eizagirrek zortzigarren egin zuen, 167 punturekin.

Laburbilduz, hona hemen Lizardi Sariketako lehenengo kanporaketako emaitzak:

  1. Txaber Altube. 211'5 puntu.
  2. Aitor Salegi. 211 puntu.
  3. Danel Olano. 208 puntu.
  4. Josu Sanjurjo. 204'5 puntu.
  5. Maialen Akizu. 204'5.
  6. Asier Galartza. 198 puntu.
  7. Ane Beloki. 187 puntu.
  8. Markel Eizagirre. 167 puntu.

Irailaren 7an izango da finala, eta oraingoz, Txaber Altubek bakarrik lortu du zuzenean sailkatzea. Gaur izango da bigarren kanporaketa saioa, 22:00etan Imanol Urbieta musika eskolan, eta bertan ikusiko da zeintzuk izango diren Altuberekin batera finalean izango diren bertsolariak. Gaurko saioan, Ane Peñagarikano, Aratz Igartzabal, Eli Pagola, Peru Abarrategi, Irati Majuelo, Mikelo Retolaza, Imanol Uria eta Imanol Irazustabarrena arituko dira.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide