Euskal Astea 2018

Hastear da Lizardi sariketa

Zarauzko Hitza 2018ko abu. 29a, 09:00

Aurten hartuko du parte lehenengoz Lizardin Ane Peñagarikanok.

Bihar hasiko dira Lizardi bertsolari gazteen 42. sariketako kanporaketak. Eskualdeko lau bertsolarik parte hartuko dute bertan.

Urteak joan eta urteak etorri, Motxian bertso eskola arduratzen da bertsolari gazteen Lizardi sariketa antolatzeaz. Aurtengoa sariketa antolatzen duten 42. aldia izango da, eta urtero bezala, abuztuaren amaieran abiatuko da. Hain zuzen ere, bihar jokatuko dute lehenengo kanporaketa.

Biharkoan kantatuko duten bertsolariak Markel Eizagirre, Maialen Akizu, Josu Sanjurjo, Aitor Salegi, Ane Beloki, Asier Galarza, Txaber Altube eta Danel Olano izango dira, eta gai jartzaile lanetan Amaia Urbieta ariko da. Bigarren kanporaketa, berriz, etzi izango da, ostiralean. Orduko saioan, Ane Peñagarikano, Aratz Igartzabal, Eli Pagola, Peru Abarrategi, Irati Majuelo, Mikelo Retolaza, Imanol Uria eta Imanol Irazustabarrenak kantatuko dute, eta gai jartzailea Jone Lizarralde izango da. Bi saioak Imanol Urbieta musika eskolan izango dira, 22:00etatik aurrera.

Parte hartzaile guztietatik sei bertsolarik lortuko dute finalerako txartela. Irailaren 7an jokatuko da finala, Euskal Astearen barruan. 22:00etan hasiko dira Zinema pilotalekuan, eta sarrerak 3 euro balioko du.
Eskualdeko lau bertsolarik kantatuko dute sariketan. Hain zuzen ere, Aitor Salegi zestoarrak, Danel Olano getariarrak eta Markel Eizagirre eta Ane Peñagarikano zarauztarrek. Lau horietatik hirurentzat ez da plaza berria izango biharkoa. Bai ordea, Peñagarikanorentzat. 19 urteko gazteak gertutik ezagutzen du Lizardi sariketa, nahiz eta inoiz ez den bertsolariaren azalean izan. Motxian bertso eskolako kide denez, orain arte antolaketan aritu da lanean, eta aurtengoan mikrofonoari heltzeko aukera izango du lehen aldiz.
Ostiraleko kanporaketan ariko da Peñagarikano, eta azaldu duenez, oraindik guztiz barneratu gabe dauka egin beharrekoa. «Espero dut urduritasunak ez duela nire aurka jokatuko, baina oraingoz nahiko lasai nago», azaldu du.

Gazte sariketa ugari egiten da Euskal Herriko hainbat txokotan. Nolabait esateko,  eskolarteko txapelketan kantatzeko adina behin igarotakoan bertsolari gazte askori plazetan jarraitzeko aukera ematen diete sariketok. Horietako bat da Lizardi. Hain zuzen ere, 18 urtetik 25 urtera bitarteko bertsolariek har dezakete parte bertan. Bada aldea, ordea, sariketatik sariketara. Peñagarikanok orain arte Plazatik Gaztetxera-n, eta Oñatiko Txinparta sariketetan hartu du parte, eta orain artekoekin alderatuta Lizardik sariketa «serioaren fama» dauka. Dena den, giro «goxoa» sortzen dela uste du Peñagarikanok. Izen handia badu ere, ariketa aldetik zama handiegirik ez daukala uste du zarauztarrak. «Gazteontzako oso plaza egokia dela iruditu zait orain arte. Hala ere, kantatu egin behar dut hori baieztatzeko».

Afaritik oholtzara

Sariketako kanporaketek zer pentsatua eman ohi diete Motxian bertso eskolako kideei. Lehen, finalerako txartelak bertso afarietan erabakitzen ziren, bertsolariak erosoago sentitzeko asmoarekin. Azken urteetan, ordea, formatuz aldatzeko beharra somatu zuten antolatzaileek. Pasa den urtean lehen aldiz kanporaketak afaririk gabe, oholtza gaineko saio formatuan egin zituzten, eta antolatzaileen esanetan, «txukun» atera zen esperimentua.

Peñagarikanorentzat «goxoagoa» da bertso afari formatua. «Egia esan, bertsolariok afarian ez dugu ia mokadurik probatzen, burua beste nonbait izaten baitugu. Hala ere, giro ona sortzen laguntzen duela iruditzen zait». Dena den, ingurunea «hotzago» sentitzeko arriskua badu ere, oholtza gainean kantuan aritzea ere gustuko duela azaldu du, bere alde on eta txarrekin.

Etxean kantari

Markel Eizagirrerekin batera, herrian bertan ariko da kantari Peñagarikano. Saioa Zarautzen izatea «zama gehigarritzat» dauka bertsolariak, aurreko egunetan kaletik hainbaten komentarioak entzun behar izan baititu sariketari buruz.

Hala ere, bera animatzera joango den jendea herritik kanpo kantatu izan duenetan joan denaren antzekoa izango dela aurreikusten du, beraz, alde horretatik ez dio tentsio berezirik sortzen: «Izatekotan, herrian izateak goxotasuna eta segurtasuna emango didala espero dut».

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide