Herriko erraldoiek «protagonimo berezia» izango dute aurtengo sanpelaioetan. Xabier Txurruka alkateak hori bera nabarmendu zuen jaietako egitarauaren aurkezpenean. Izan ere, Jose Mutiozabal Pepe Txabillo-k eta Txabillo erraldoien nahiz buruhandien taldeak emango diote hasiera aurtengo festei. Danborradako ordezkariek San Pelaio Makila emango diote taldeari ekainaren 25eko gauerdia baino lehentxeago, eta, ondoren, bandera igoko dute udaletxeko balkoian, Pepe Txabillo omenduz.
Aurten, festen hasierako hiru suziriez aparte, ez dutela bestelako suzirik edota trakarik botako adierazi zuen alkateak, zaratarekiko sentikorrak diren herritarrekin begirunez jokatuz. Hala eta guztiz ere, ekitaldia ikusgarria eta berezia izango dela azpimarratu zuen, sorpresaren bat ere izango dela aurreratuz. Gainerakoan, Zarauzko Musika Bandak girotuko du ekitaldia.
San Pelaio bezperan ez ezik, erraldoiak eta buruhandiak presente izango dira jaietako ia egun guztietan, baina batez ere igande honetan, Erraldoien eta Buruhandien Zarauzko III. Topaketa ospatuko dutelako.
Hiru danborrada
Aurtengoan hiru danborrada izango dira: haurrena, elkarte gastronomikoena eta gazteena, alegia. Lehena haurrena izango da, hilaren 25ean: alkateak makila emango dio eguerdian Haurren Agerraldiko Danbor Nagusiari, eta arratsaldean, XL. agerraldia egingo dute kalez kale, Azken Portutik, Iñurritzatik, Vista Alegretik eta Itxasmenditik aterata. 40. aldia izanik, egitasmoa antolatzen duen Haur Kultur Taldeari omenaldia egingo diote, Lege Zaharren Enparantzan, parte hartzaile guztiak bertan jotzeko elkartu ondoren.
Helduen danborrada gauez izango da, eta hamabi elkartek hartuko dute parte. Zigordia kaletik abiatuko dira, 23:00etan, eta Lege Zaharren enparantzan egingo dute geldialdia, jaiei hasiera emateko ekitaldian. Hirugarren danborrada gazteena da, aurten estreinakoz antolatu dutena. Ekainaren 27an egingo dute, San Pelaio bigarrenean, 12:00etatik aurrera.
Iaz bezalaxe, udaleko Jaiak eta Ekitaldiak Sailak zapi urdinak aterako ditu jaietarako, eta doan banatuko ditu San Pelaio bezperan Lege Zaharren enparantzan eta herriko tabernetan.
Iñurritzan eta txosnetan
Iñurritza Jai Batzordeko kideak joan den larunbatean hasi ziren jaietarako giroa berotzen, besteak beste, azokarekin eta txakolin dastaketarekin. Egunotan ere ez da ekitaldirik faltako auzoan; ohiko oilasko biltzea da horietako bat, hain zuzen ere.
Bestalde, Gurekin Jairen lekukoa hartuta, Danda Gazte Asanbladak prestatu du aurten estreinakoz txosnaguneko egitaraua, hala nola, kontzertuekin, baltsa lasterketarekin eta herri bazkariekin. Berrikuntza gisa, San Pelaio bezperako hainbat ekitaldi Iñurritza auzoan ospatuko dituzte gazteek.