Sanpelaioak 2018

Festak erraldoi bihurtzen

Amaia Urbieta Arruti 2018ko eka. 21a, 08:00

Oskar Mutiozabal eta Jose Mutiozabal 'Pepe Txabillo' aita-semeak. (Amaia Urbieta Arruti)

Urte askoan buruhandien eta erraldoien arduradun izan dira txabillotarrak. Udalak eta elkarte gastronomikoek omendu egingo dituzte San Pelaio bezperan.

Jose Mutiozabal Pepe Txabillo eta Oskar Mutiozabal aita-semeek urte asko daramatzate herriko buruhandi eta erraldoiez arduratzen. Aurten, aitortza bikoitza jasoko dute San Pelaio bezperan, ekainaren 25ean. Alde batetik, elkarte gastronomikoek erraldoien eta buruhandien taldeari emango die San Pelaio Makila, eta bestetik, udalak Pepe Txabillori eskainiko dio festen hasierako banderaren igoera egiteko ohorea. «Gustura eta ilusionatuta» agertu dira.

Hamar urterekin hartu zituen lehenengoz buruhandia eta maskuria Pepe Txabillok. Hamazazpi urte inguru zituela  hartu zuen erraldoia sorbalda gainean, eta handik urte gutxira,  taldearen arduradun bihurtu zen. Egun, karguaren lekukoa Oskar semeak hartua daukan arren, buruhandi eta erraldoiekin lotura estua izaten jarraitzen du Pepek.

Urtean hamabi aldiz ateratzen dira kalera erraldoiak eta buruhandiak, txarangak lagunduta, kaleak girotzera. Lau dira txabillotarren ardurapean dauden erraldoiak: Anbotoko Mari, Basajaun, baserritarra eta balea arrantzalea. Buruhandiak, berriz, Txirri, Mirri, Txiribiton, Argiñano eta galtxagorriak dira, eta auzoetako festetarako bestelakoak  ateratzen dituzte.

Pepe erraldoiekin ibiltzen hasi zenean, ez zegoen  komunikatzeko teknologia aurreraturik, eta gogoan ditu festa garaian erraldoiekin ateratzeko unea iristen zenean izaten zituzten komeriak. «Parranda egin ostean, asko azaldu ere ez ziren egiten, eta ez zegoen jakiterik non zeuden».  2004an erre egin ziren orduko erraldoi eta buruhandiak. Lehen, udaletxearen atzealdean gordetzen zituzten, eta eraikinak su hartu zuen, sanpelaioak baino egun batzuk lehenago. «Oso egoera kaxkarrean zegoen lokala, erortzear». Gertaera gogorra izan zen hura txabillotarrentzat. «Negar eta guzti egin genuen». Erretako erraldoi eta buruhandien berdinak sortu zituzten sutearen ondoren, haiek hamabi urte besterik ez baitzituzten.

Zarautzen kasuan, urritasuna duten hainbat lagun aritzen dira buruhandi lanetan. Oskarren hitzetan, inklusibotasuna lantzea ez zen hasiera batean beraien helburua. «Positiboa dela ikusten dugu, eta mantentzen ahalegintzen gara. Hala ere, ez dira urritasuna daukatelako etortzen, beste edozein gazte bezala hasten dira probatzen». Hamalau urte izan behar dira gutxienez buruhandiekin jarduteko, nahiz eta askok lehenago ere nahi izaten duten. «Gorputza apur bat egina izatea komeni da, oso lan neketsua eta gogorra izan baitaiteke bestela».

Ez da harrobirik falta maskuriak eskuan lasterka ibiltzeko, baina animatzen diren ia  guztiak mutilak izaten dira. Urte hauetan guztietan, bizpahiru salbuespen soilik gogoratu dituzte aita-semeek.


Haurren begiko

Azkenaldian, nabarmena da haurren artean erraldoiekiko interes berezia. «Lehen erraldoiak jende helduagoari gustatzen zitzaizkion, eta umeak buruhandien bila ibiltzen ziren».  Haurrak liluratzen dituena erraldoiek orain ematen dituzten birak direla uste du Oskarrek. «Lehen erraldoiak astunagoak ziren, eta kaletik ia dantzarik egin gabe joaten ginen». Azken 5-10 urteetan haur txiki-txikiak «zoratu» egiten dira erraldoiak ikustean.  Sukar horretatik dator, ziurrenik, txoko ezberdinetako erraldoien panpinak eskuratzeko bolada. «Jende askok dauzka beste herrietako erraldoi txikien bildumak, eta  hemengoak ere ondo ari dira saltzen. Ilusio handia egiten die umeei». Guraso gazteentzat ere aproposak direla uste du Oskarrek, haur txikiak dituztenentzat «parrandarik egin gabe, garagardo bat hartuz festan ibiltzeko beste modu bat» baita sortzen den giroa. Pepek garbi dauka: «Familia guztia gustura ibiltzen da erraldoien inguruan».

Haurrek txupetea erabiltzeari uzteko metodoa izan ohi da Olentzerori uztea, hark eraman dezan. Duela gutxitik, ordea, erraldoiei uzten hasi dira Zarautzen. «Hemen ohitura berria da, baina Iruñean, esaterako, jendeak aspalditik izan du txupeteak erraldoiei jartzeko ohitura». Gustura hartzen dituzte, nahiz eta erraldoien gerrikotik txupete pila bat zintzilik jartzerakoan pisu handia har dezaken tramankuluak. «Behintzat orain arte ez zaigu inor etorri txupetea itzultzeko eskatzen, haurrak lorik hartu ezin duelako».

Txupeteen ohituraz gain, zenbait haurrek beren erraldoitxo propioak eraiki dituzte eta txabillotarren alboan ateratzen dira festa egunetan. «Guraso batek eskatu zidan gurekin etortzerik zeukan lehenengo, eta orain bost erraldoitxo ateratzen dira gurekin». Sei urte inguruko haurrak izaten dira, eta Oskarrek gurasoei adi ibiltzeko eskatzen dien arren, umetatik sumatzen den zaletasuna «pozgarria» dela baieztatu du. «Lan txiki bat suposatzen du, apur bat haurraren gainean egon beharra baitago, baina pozik egotekoa da, guk ere noizbait gazteei lekukoa pasatu beharko diegu eta».


Zaildutako sorbaldak

Lehenengo aldiz txarangarekin kalera atera aurretik beharrezkoa da erraldoiarekin buelta batzuk emanaz trebatzea. «Batzuk segituan ohitzen dira, beste batzuk, berriz, proba asko behar dituzte segurtasunez ateratzeko». Orain, Merkatu plazan gordetzen dituzte erraldoiak, eta bertan jarduten da Oskar gazteak trebatzen, lehen solairuan, aurrera eta atzera.

Batzuetan, trebatze lanak Merkatu plazatik atera eta gaztelekuan egin behar izan dituzte, dantza bat entseatzen ari direlako azken boladan. «Azpeitian urtero erraldoien dantza txapelketa bat egoten da. Guk edozer gauza eginez parte hartu izan dugu orain arte, baina aurten zerbait txukuna egitea erabaki dugu». Horregatik, ekainaren 25eko omenaldia aprobetxatuko dute erraldoiekin prestatu duten dantza aurkezteko.  Urteotan taldean aritu diren guztiak gonbidatu dituzte omenaldian beraiekin parte hartzera.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide