Euskal Autonomia Erkidegoa zeharkatuko du aurten Gure Esku Dago-ren giza kateak, ekainaren 10ean. Eskualdetik pasako da erabakitze eskubidearen aldeko katea, eta Zarautzen, esaterako, 1.000 lagunek eman dute izena dagoeneko.
Eguerdian egingo dute giza katea, 12:00etan. Ondoren, herri bazkaria egongo da Musika Plazan (txarra egingo balu, Munoako karpan izango litzateke bazkaria). 500-600 lagunentzako bazkaria prestatuko dute, Gorka Aranguren Zarauzko Gure Esku Dago taldeko kideak azaldu zionez HITZAri aurreko astean, elkarrizketan.
Zarauzko antolatzaileek jakinarazi dutenez, salgai daude bazkarirako txartelak, 12 eurotan. Herriko hainbat taberna eta saltokitan jarri dituzte eskuragarri. Hona, zerrenda: Arranon, Batzokian, Eguzkin, Yubion eta Laun (Azken Portuko okindegia).
Eskuorriak banatzeko boluntario bila
Jendeari informazioa helarazteko boluntarioak behar dituela adierazi du Gure Esku Dagok. Datozen egunetan eskuorriak postontzietan sartzen arituko dira, eta horretarako prest dagoenak Whatsapp mezu bat idatzi behar du 629562925 mugikor zenbakira.