Gure Esku Dagoren giza katea

Gorka Aranguren: «Izen-ematea azken unerako ez uztea eskatzen diegu herritarrei»

Onintza Lete Arrieta 2018ko mai. 24a, 08:00

Zarauzko Gure Esku Dago dinamikako kide Gorka Aranguren (Onintza Lete Arrieta).

Bi aste barru giza kate batek zeharkatuko du Euskal Autonomia Erkidegoa, helburu argi batekin: presioa egitea alderdiei Eusko Legebiltzarrean lantzen ari diren estatus politiko berriaren gaian. Gorka Aranguren Zarauzko Gure Esku Dago dinamikako kidearekin aritu da solasean HITZA.

Ekainaren 10eko giza katerako gogotsu dago Gorka Aranguren (Zarautz, 1972). Gure Esku Dago-ko Zarauzko taldekoa da, eta buru-belarri dabiltza egun horretarako dena prestatzen. Izan ere, Zarauztik pasatuko da giza katea, eta antolaketa lan handia eskatzen du horrek. Guztira, sei kilometroko giza katea zaindu beharko dute, eta herri bazkaria ere egingo dute gero, 500-600 lagunentzat.

2014an ez bezala, aurten giza katea Zarauztik eta eskualdeko beste hainbat tokitatik igaroko da.
Bai, eta aurreko giza katearekin alderatuta, bere abantaila eta desabantailak ditu horrek.

Abantailak zein dira?
Aurten jendea biltzeko erraztasuna daukagu. Aurrekoan 21 autobus antolatu genituen Zarauztik, eta hori sekulako lana izan zen. Autobusetan 1.000 lagun inguru joan ginen, eta autoz beste 300 inguru. Beraz, Zarautzen izateak erraztu egiten du zenbaki horiek lortzea. Hiru kilometro dira zarauztarronak, eta kilometroko 500 lagun behar direla kontuan hartuta, printzipioz ez dugu arazorik izango alde horretatik.

Baina?
Aurten kanpotik datorren jendearen hartzaile ere bagara: guztira, sei kilometro zaindu beharko ditugu. Izan ere, Oiartzungoek eta Baztangoek hemen egingo dute giza katea. Gainera, Getariara doazen autobusak ere hemendik pasatuko dira. Lan tekniko asko egongo da egiteko.

Zenbat pertsona ariko zarete egun horretan antolaketa lanetan?
Guk kalkulatzen dugu 100 pertsona inguruk jardun beharko dugula. Ibilbidean dena ondo dagoela ziurtatu behar da, herri bazkaria ere antolatu dugu... Baina ez dut uste arazorik egongo denik kopuru hori lortzeko, jendeak lanerako prestutasuna izaten duelako.

Herritarrak ari al dira izena ematen edo saretzen?
Asteburuetan jartzen ari gara mahaiak jendeak izena eman dezan, baina hortxe ditugu zailtasun handienak. Horrelakoak gara; azkeneko unerako uzten ditugu gauzak, eta azken momenturako utzita, lanak asko zailtzen dira. Horregatik, eskatzen ari gara jendeari lehenago apuntatu dadila. Horixe bakarrik ari gara egiten.

Ibilbideak itsasbazterrari jarraitzen dio.
Bai, hasiera batean errepide nagusitik egitekoak ginen, baina aldatu egin genuen ibilbidea, dezentez politagoa iruditzen zaigulako kostaldeko bidea egitea. Orion Oribarzar aldera joango da giza katea, eta kanpinetik barrena, Mollarriko eskaileretatik jaitsiko da malekoira. Hori zeharkatu, eta Getariara.  

Non egongo zarete zarauztarrok?

Gutxi gorabehera Mollarriko eskaileretako tarte horretan hasiko da gure zatia, eta iritsiko da Zarautz eta Getariako muga dagoen tokiraino.
 
Eta non egongo dira kanpotik datozen herritarrak?
Oiartzuarrek kilometro bat beteko dute: batzuk Talaimendiko aldapan egongo dira, eta beste batzuk, kanpineko igoerako bestaldean, hau da, pasabidetik gorantz. Eta goian, nafarrak egongo dira, Baztan aldekoak.

Giza kateak ez du Euskal Herri osoa zeharkatuko, eta horren arrazoia zein den argi utzi nahi duzue, ezta?
Bai. Ekainaren 10eko giza kateak helburu politiko argia du: eragitea, Eusko Legebiltzarrean estatus politiko berriaz egiten ari diren ponentzian. Horregatik ez da pasatuko Nafarroatik eta Ipar Euskal Herritik.

Hori alde batera utzita, zein testuingurutan egingo da zuen ustez giza katea?
Mobilizazio mordoa daude momentu hauetan: hor daude pentsionistak, hor dago M8ko mobilizazioa, eta dena dago erabakitzeko eskubidearekin lotuta. Zer erabaki nahi dugu? Pentsioak non erabakiko dira? Gure gorputzaren gainean nork erabakitzen du? Dena da erabakitzeko eskubidearen gainean, eta hori nahi da eraman Legebiltzarrera. Oker ez banago, Legebiltzarraren %75a erabakitzeko eskubidearen alde dago, eta horrek eragina izan behar luke lehen aipatutako ponentzia horretan.

ETAren desegitea ere lagungarria izango da, ezta?
Momentu historikoa da: irekitzen da halako aukera berri bat, non edozein gauza mahai gainean jartzea posible izan beharko lukeen, eta giro sano batean eztabaidatu beharko litzatekeen.  

Gure Esku Dagoren helburuetako bat izan da zuk aipatutako eztabaida eragitea gizarte mailan, eta erabakitze eskubidearen inguruan adostasun handiago bat lortzea, ezta?
Nik uste dut Gure Esku Dagok lortu duela mahai gainean jartzea erabakitzeko eskubide hori. Bai lehen egin zen giza katearekin, bai galdeketekin. Azkeneko helburua da ahalik eta jende gehien batzea erabakitzeko eskubidearen alde, eta horrek eragina izatea instituzioetan. Helburua ere bada zubilan hori egitea: batetik herritarrak daude, bestetik instituzioak, eta bien arteko zubilana egitea.

Katalanek gauzatu dute erabakitze eskubidea, baina ez dute lortu hori errespetatzerik.
Katalanek lortu dute gauza bat oso garrantzitsua: beren iritzia ematea. Eta garrantzitsua hori da. Urriaren 1eko erreferenduma egin egin zuten, sekulako arazo eta trabekin, baina bi milioitik gora pertsonek bozkatu zuten. Hori da pausoa.

Arlo sinbolikoan gelditu daiteke guztia.
Hortxe ari dira borrokan. Askotan uste dugu gauza bat egin eta etekina berehala atera behar zaiola. Baina horrelako erabaki potoloak epe luzerako aldaketak dira. Niretzat ariketa inportantea da herritarrek, kristoren trabekin, bozkatzea. Gainera, Europan, gero eta zailagoa da hori defendatzea. Bozkatu dute, hau nahi dute, eta bide eman behar zaio. Bidegurutze inportante batean gaude: hor dago Legebiltzarreko ponentzia, Kataluniako egoera... Kataluniak zerbait erakutsi badu, da herritarrek badutela gaitasuna politikoengan eragiteko, orain urte batzuk politikariak ez zeudelako bide horretan. Eta hori hemen ere pasatuko da: gizartearen erdia baino gehiago badago ideia baten alde, eta mobilizatzen bada, azkenean, politikariek ez dute beste aukerarik.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide