«Herriari ematen dio halako literatur poz bat Literaturiak»

Zarauzko Hitza 2018ko maiatzaren 29a

Txiliku oroigarriarekin, Literaturiako Literattipia festan. (Maria Maya Manterola)

Jesus Mari Olaizola Txiliku omendu dute Literaturian, Literattipia festan .Manu Urbietak eginiko oroigarria jaso du, eta pozik agertu da aitortzarekin

Literattipia haurren literatur festa izan zen igande eguerdian Musika Plazan. Literaturiaren egitarauaren barruan antolatu zuten ekitaldia, eta txikienek etxetik ekarritako liburuak trukatzeko aukera izateaz gain, Jesus Mari Olaizola Txiliku idazle zarauztarra omendu zuten, haurren eta gaztetxoen literaturan egindako ekarpenagatik. Pozik agertu zen idazlea herrian egin zioten aitortzarekin: «Ilusio handia egin dit, egia esan. Nerbioekin nahiko larri ibiltzen naiz, baina oso gustura hartu dut».

Liburu trukearen ondoren, Manolo Urbietaren Txoria nintzela abestia kantatu zuten guztiek batera, eta, jarraian, hasi zen omenaldi ekitaldia, Beñat Intxauspek gidatuta. Bi haurrek manifestua irakurri zuten, eta Manu Urbietak egindako oroigarri bat eman zioten Txilikuri. Eta idazleak, esker onez, ipuin bat kontatu zien bertaratu zirenei. «Bada halako gauza berezi bat haurrak hor aurrean izatea eta arretaz jarraitzea kontatzen ari zaren ipuina», azaldu zuen.


«Irakurtzeko ohitura»

Pozgarritzat jo zuen, gainera, hainbeste neska-mutil kalean ikustea beraien liburuak trukatzen. «Nik beti pentsatu dut liburuak baduela abantaila bat. Gaur egun, gure irudimena janzteko gauza asko ditugu: irudiak, pelikulak, telebista eta abar. Liburuak badauka bestelako abantaila bat, eta da norberak irudikatu edo osatu behar duela irakurtzen ari den istorio hori. Beste formatu batzuek ez dute aukera hori ematen». Zentzu horretan, gaineratu zuen poztekoa dela «formatu zahar hori» mantentzea gazteen artean. «Azkenean, ohitura hartzea izaten da, eta irakurzaletasuna ez da sortzen bendizio batetatik, baizik eta irakurriz. Beraz, alde horretatik, pozgarria da jendeak irakurtzea».

Ibilbide oparoa du Txilikuk literaturgintzan, eta orain ere ez dago geldirik: «Badauzkat gauza mordoxka bat buruan bueltaka, eta, beharbada, asentatu egin behar dut eta erabaki zeri heldu, asmoak gauzak egiten hasteko».

Literaturia euskal letren plaza herrian ospatzeari dagokionez, «garrantzitsua» dela iruditzen zaio. «Zarautzen badago halako mugimendu bat, elkartzen dira idazleak eta irakurleak... Herriari ematen dio halako literatur poz bat». Aurten hamargarrenez ospatu dute Literaturia, Zarautzen bosgarren urtez, lehenengo bostak Larrabetzun egin ondoren. Aingura gaiari helduta, askotariko ekitaldiez gozatzeko aukera izan da asteburu osoan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide