"Gauzatu den ETAren desegitea egunez egun, pasa diren 40 urte luzeegi hauetan Euskal Herriko gizartearen gehiengoak amestu dugun une historikoa zorionez heldu da. Kanbon ETAren bizitza luze eta ankerra amaitu da.
Gaur, orain arte bezala, biktima guztiak eta oinaze oro gogoan ditugu. Hamarkada luzeetan sortutako oinazea ez da berehalakoan desagertuko baina gaur ziur dakigu ez dela berriro errepikatuko eta oinarri hori guztiok barnebilduko gaituen elkarbizitza eraikitzeko erabiliko dugu.
Gaur pendiente ditugun gaiak gogoratu behar ditugu ere. Batetik, gatazkaren ondorioei erantzuna eman behar diegulako eta bestetik, gatazka politikoa ez delako amaitu.
Garai berri honekin batera preso, exiliatu eta deportatuei salbuespeneko neurriak aplikatzen jarraitzeko aitzakiak amaitu dira ere eta pertsona hauen eskubideak bermatu behar dira.
Garai berri honetan ere, ETArekin zerikusia ez duen gatazka politikoari irtenbide demokratikoa eman behar zaio. Bakean eta justizia sozialean oinarritutako Euskal Herri librea izan da beti gure helburu eta bide horretatik jarraituko du lanean Eusko Alkartasunak, normalizazio politikoa lortu arte.
Soilik bide demokratiko eta baketsuetan oinarritutako eztabaidak eman dezake herri honetan hain beharrezkoak diren ezberdinen arteko akordioak. Eusko Alkartasunak badu bere esperientzia lan horretan sakontzeko eta dudarik gabe ETAren desagerpenak horretan lagunduko du".