"Guztiz ekintza txalogarria da, nahiz eta oso berandu datorren. Euskal Herriko jendea aspaldi da horixe bera eskatzen ari zela. Urteak eta urteak dira jendeak ez zuela ulertzen zergatik jarraitu behar zuen horrelako erakunde armatu batek bere ekintzekin horrenbeste sufrimendu sortzen. Horregatik, berandu baldin bada ere, onuragarria da hori gertatzea. Hori bai, nahiz eta ETAren ibilbidea amaitu, ETAk utzitako historia ez da amaitu: etorkizunean eztabaida benetan sakona egin beharko da hainbat konturen inguruan. Batez ere, ezker abertzalean balorazio bat egin beharko lukete hausnartzeko zergatik iritsi den hain berandu desegitea, zergatik behar izan duten ezker abertzale barruan horrenbeste denbora ETA mugiarazten hasteko eta amaiera eskatzeko, zergatik ibili diren horrenbeste urte ETAren ekintzak txalotzen... Memoria historikoaren inguruan ere hainbat galdera daude. Beste batzuk ere galderak egin beharko dituzte: euskal gizarteak bere osotasunean zergatik onartu zuen horrenbeste denboran horrelako fenomeno bat, zergatik ez zen askoz ere jende gehiago askoz ere lehenago mugitzen hasi ETAren aurkako protesta kalera eramateko, zergatik aprobetxatu duten beste eragile batzuk ETAren existentzia beren helburu politikoetarako...
Horrekin lotuta, orain erabat deseginda geratu ondoren, presoen kontu hori laster aldatzen hasiko dela eta inguratzen hasiko direla iruditzen zait. Ez daukat zalantzarik nahiz eta horrek denbora beharko duen oraindik. Euskal Herrian politika askoz ere modu lasaiago batean eta demokratiko batean egin daiteke orain, eta hainbat gauzen inguruan hitz egin daiteke. Ezker abertzaleari dagokionez, berarentzako historikoki berria den fenomeno bat kudeatu beharko du. Duela oso gutxi arte ezker abertzalearen barruan hierarkia oso garbia zegoen: goian zegoen abangoardia militarra deritzona, eta behean zeuden bere beso politiko eta sozialak. Aginte katea goitik behera zetorren, orain, goikoa desagertzean, egoera berria sortzen da eta hori kudeatzen ikasi beharko dute."