"ETAren bukaerako datarik esanguratsuena 2011ko urriaren 20koa dela esango nuke. Orduan bukatu zen ETAren borroka armatua eta, hortik gaur artekoa, ETAk berak esan duen bezala, orduko erabakiaren ondorio logikoa izan da. Espainiako Gobernuak Aieteko orriari jaramonik egin ez izanak eta konponbideari oztopoak besterik jarri ez izanak, zorionez, ez du eragotzi armagabetzea, aurrena, eta erakundearen desegitea, gero. Alde horretatik, baldintza zail hauetan Aietetik Kanborainoko bidea egin dutenek, eta bide hori egiten lagundu dutenek, arduraz eta eraginkortasunez jokatu dutela azpimarratuko nuke. Etorkizun hurbilari begira, ETAren desegite honek presoen egoeran hobekuntzak ekarri ahal izatea desio dut eta, baikor jarrita, baita espero ere."