Maiatzaren 13an egingo dute Zarauzko Herri Lasterketa

Onintza Lete Arrieta 2018ko apirilaren 27a

Berazierto eta Egimendia, Musika plazan egin duten aurkezpenean (Onintza Lete Arrieta)

8,2 kilometroko ibilbidea prestatu du A3 El km! elkarteak, eta izena emateko epea zabalik dago Herrikrosa.eus webgunean.

Ibai Beraziertok eta Naiara Egimendiak eman dituzte lasterketaren xehetasunak prentsaurrean. Maiatzaren 3ko herri lasterketa 11:00etan hasiko da, Musika plazan, eta izena emateko epea zabalik dago Herrikrosa.eus webgunean. 200 parte hartzailerentzako tokia dagoela jakinarazi dute.

Ibilbideari dagokionez, honakoa izango da: Kale Nagusia-Lagunak jatetxea-Bizkaia kalea-anbulatorioa-Azken Portu-Asti (bidegorritik)-autobideko zubipetik baserri bidera-San Pelaioko ermita-Maria Etxetxikiko pasabidea-Zubiondo jatetxea-araztegia-biotopoko pasarela-malekoia-Musika plaza.

Astiko Baserri bidea "gutxi ibilitako bidea" dela uste du Beraziertok, eta horregatik baduela bere xarma. Biotopoko pasabidea ere azpimarratu du, ingurune polita baita.

Guztira 8,2 kilometro egingo dituzte korrika, eta momentuz baieztatu dute lehian parte hartuko dutela Lide Azkuek eta Raul Gomez Margallok.

Herritarrak animatu dituzte parte hartzera

Beraziertok eta Egimendiak dei egin diete zarauztarrei lasterketan parte hartzera. "10 euro kostatzen da izena ematea, eta trukean hainbat opari emango dugu, eta zerbitzuak ere eskainiko ditugu". Hain zuzen, arropak gordetzeko tokia jarriko dute, baita amaieran masajista zerbitzua eta dutxak ere.

Iaz, esaterako, 158 korrikalarik egin zuten lasterketa, eta "denak oso gustura gelditu ziren". Gizonezkoetan Ander Sagarzazuk lortu zuen garaipena, eta emakumezkoetan, berriz, Izaro Rubiok.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide