Pagoeta Mendi Lasterketak 200 euroko sari berezia emango du probako markak hausteagatik

Zarauzko Hitza 2018ko apirilaren 4a

Apirilaren 29an jokatuko da aurtengo Mendi Lasterketa. (PML)

Pagoeta Mendi Lasterketarako hilabete baino gutxiago falta dela, antolatzaileek lankidetza harreman berri bat adostu dute Zarauzko MRW mezularitza enpresarekin. Akordio honi esker lasterketako irabazleek, ohiko sariez gain, 200 euroko sari berezi bat jasoko dute, baldin eta orain arteko markak apurtzen badituzte.

Ibilbide nagusian (emakumezkoetan eta gizonezkoetan) zein mistoan lor daiteke saria, eta honako hauek dira hautsi beharreko markak:

Ibilbide nagusia (emakumezkoak):    2:00:56 (Elisabete Garate, 2017)
Ibilbide nagusia (gizonezkoak):    1:33:26 (Andreu Simon, 2017)
Ibilbide mistoa (bikoteak):    0:36:03*(Uxoa Irigoien / Igor Etxeberria)

*Mistoan, iazko denborari 2 minutu erantsi dizkiote, aurtengo ibilbidea 500 metro luzeago izango delako.

Sari honen helburua inguruko puntako korrikalariak erakartzea eta lasterketaren giroa berotzea dira. Dena den, baieztatu dute lasterketak kutsu herrikoia izaten jarraituko duela. Hori dela eta, markarik hausten ez duten parte hartzaileek ere opariak izango dituzte, baita heltzen direnerako hamaiketakoa ere, ikusleekin batera gozatzeko. Oraindik ere izena eman daiteke lasterketan, www.kirolprobak.com webgunean. Informazio gehiago facebooken eta Pagoeta Mendi Lasterketako webgunean dago eskuragarri.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide