Xabier Txurruka: "Gezurra da EH Bilduk Salberdinez esandakoa"

Onintza Lete Arrieta 2018ko mar. 2a, 12:30

Otzarreta ere eraitsi egingo dute (Onintza Lete Arrieta)

Orain dela egun batzuk EH Bilduk salatu zuen Salberdingo etxejabe txikien konpentsazioetan "abusuak" ematen ari zirela eta udala "beste aldera begira" ari zela. Horren aurrean, Salberdinez hainbat azalpen eman du gaur alkateak.

Zarauzko Udalaren izenean Salberdini buruz prentsaurrekoa eman du gaur  Xabier Txurruka alkateak. EH Bilduk Salberdingo proiektuaren harira egindako adierazpenak gezurtatu egin ditu, eta hainbat azalpen eman du. 

"Gezurra da 70 metro koadroko etxe batengatik 36.00 euro eskaintzen ari garela etxejabeei". Txurrukak azaldu du zazpi etxejabek betetzen dutela berriz ostatu hartzeko eskubidea. Alegia, beren etxebizitzen truke, eraikin berrietan beste etxebizitza bat edukitzeko eskubidea. "Babes ofizialeko eraikinean aukeratu dute zein etxebizitza nahi duten; metro bakoitzeko metroa eman zaie; ez da ohikoa sukaldeak jartzea, baina sukaldeak hornituta jarri zaizkie; trastelekuekin ere akordioak daude", eta abar. Etxejabe batek alegazio bidez gehiago eskatu duela esan du alkateak, baina "hasiera batean denak konforme" daudela.

Etxe berrietan berriz ostatu hartzeko eskubidea zeinek duten ere jakinarazi du Txurrukak: 2011n Salberdingo Plan Berezia onartu zenean Salberdingo eremuan ohiko etxebizitza zutenek dute eskubidea. Alegia, zazpi etxejabek.

EH Bildu kritikatu du, "hori guztia ez kontatzeagatik". Gaineratu du "kasu konkretu bat hartuta" aditzera eman nahi izan dutela hori egoera orokorra dela. Horregatik, hitz gogorrak izan ditu koalizioarentzat: "EH Bildu edo fede txarrez ari da, edo ez du tutik ere ulertzen hirigintzaz".

"Inor ez doa kalera Salberdinen etxebizitzarik gabe"

Zarauzko alkatearen arabera, "babes ofizialeko etxebizitza bat edukitzea da Salberdinen desjabetutako herritarrei gutxienez tokatu zaiena. Hortik gora lortu dute beste guztiek". Hau da, lurrak dituztenek. Otzarretaren kasua aipatu du, adibide gisara. "Otzarretak begira zernolako etxea daukan, baina hari ez dagokio berriz ostatu hartzeko eskubidea. Izan ere, etxe hori partzela batean dago, partzela hori eraikigarria da, eta horrek prezio bat ematen dio. Hari ez zaio burutik pasa ere egin eskubide hori eskatzea, hari etxe bat baino askoz gehiago tokatzen zaiolako".

Bestalde, EH Bilduk egindako salaketa aipatu du zehazki: "Baloratzen dena ez da etxebizitza eskubidea 36.000 eurotan, baloratuko da etxe zahar bat eraistea, eraisketa bera, baina partzelatik kobratuko du, eta dagokiona kobratuko du. Eta ohikoa da ados ez egotea ere balorazioarekin, horregatik daude negoziaketak eta alegazioak", esan du.  

Alkatea agintaldi hasieratik bildu da interesdunekin

EH Bilduri erantzun nahi izan dio beste puntu bat ere Xabier Txurrukak. "EH Bilduk dio Udala ezikusiarena egiten ari dela, ez dituela zarauztarrak entzuten eta ez duela bitartekari lanak egiteko bere burua eskaini. Baina hori gezur galanta da". Alkateak esan du agintaldi hasieratik elkartu daela eskaera egin duten interesdun guztiekin.

Alegazioak aztertzen hasiko dira orain

Interesdun guztiek alegazioak aurkezteko aukera izan dute atzora arte (martxoak 1). "Horregatik ez du adierazpenik egin Udalak gaur arte", azaldu du Txurrukak. Hurrengo pausoak zein diren ere esplikatu du. Hala, orain, birpartzelazio dokumentua idatzi duen taldeak aztertu behar ditu alegazioak, berei dagozkien akatsak baleude, horiek zuzentzeko. Ondoren, beren irizpidea helaraziko diete udal teknikariei, eta horiek baloratu beharko dute guztia, eta alegazioak onartu ala ez erabaki behar dute, bidezkoak diren ala ez. 

Horregatik, "ez dauka zentzurik alegazio epea amaitu baino 15 egun lehenago EH Bildu ateratzea esanez kezkagarria dela etxejabeei eskainitakoa". Zarauzko Udala epeak betetzen ari dela gogorarazi du, eta bere eginbeharra egiten.

Bestalde, alegazioei buruzko erabakia noiz hartuko duten ez du aurreratu alkateak, "gauzak ondo egitea baita garrantzitsua". Hala ere, uda aurretik gaia erabakitzea da asmoa. Jendaurrean hiru aldiz jarri dute birpartzelazio dokumentua, eta hiru epe horietan jasotako alegazio guztiak aztertuko dituzte.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide