EH Bildu: "Salberdingo hainbat etxejaberi eskainitako konpentsatzioa benetan kezkagarria da"

Zarauzko Hitza 2018ko ots. 17a, 11:05

Salberdin eremua (Aritz Mutiozabal).

Koalizioak azaldu du "abusuak" ematen ari direla, eta "Zarauzko Udala beste alde batera begira jarri dela, herritarrei entzun eta bitartekaritza eskaini beharrean".

Salberdingo etxejabe txikien konpentsazioetan "abusuak" ematen ari direla adierazi du EH Bilduk, "hala salatu digutelako". Koalizioaren iritziz, orain arte bertan bizi izan diren hainbat etxejaberi eskainitakoa "benetan kezkagarria" da. Legearen arabera, lur urbanizatuak baloratzeko garaian bi tasazio eredu erabili beharra dagoela dio: batetik,  tasazio bateratua, konparaketa metodoaren bitartez, eta, bestetik, hondar-tasazioa, lurzoruari soilik egokituta. "Bi eredu horien artean ateratako balorazio altuenak izan beharko luke, legearen arabera, jabetzari aplikatuko zaiona. Baina, azaldu digutenez, Salberdinen egin diren tasazioak ez dira legeak agintzen dituenak izan, jabe txiki horien kaltetan eta legea urratuz", nabarmendu du EH Bilduk.

Horren harira, "gertatzen ari denaren adibide bat" jarri du mahai gainean: "70 metro koadroko etxe baten truke, 36.000 euro ari dira eskaintzen". Hiru kasu zehatzen berri izan dutela, baina gehiago ere egongo daitezken "kezka" badutela azaldu du. Halaber, gogorarazi du eremu horretan eraikiko diren 1.000 etxebizitza ingurutik ia 500 izango direla etxe libre gisa salduko direnak: "Etxebizitza hauek arautu gabeko prezioa izango dute, merkatuaren eta sustatzaileen erabakiaren araberakoa. Etxebizitza hauek ez dira herritarren beharrak asetzera bideratuko, negozioa egiteko baizik".

Koalizioak jakitera eman duenez, jabe txiki horiek behin eta berriro saiatu dira Xabier Txurruka alkatearekin harremanetan jartzen, gaiaz hitz egin eta "irtenbide duin bat" lortzeko: "Urtebete baino gehiago daramate zain, eta ez dute berekin biltzeko aukerarik izan. Horrek erakusten du abusuen aurrean Zarauzko Udala beste alde batera begira jarri dela, herritarrei entzun eta bitartekaritza eskaini beharrean".


Sustatzaileei hobariak

Herritar batzuei "gehiegikeriak" egiten zaizkien bitartean, "udalak ez du arazorik izan Salberdingo sustatzaileei hobari nabarmenak emateko", dio EH Bilduk. 2016ko ekainean ere salatu zuen bezala, "Udal Gobernuak (EAJ eta PSE-EE) babestutako Salberdingo Kontzertazio Hitzarmenaren ondorioz, eremu horretan egingo diren eraikuntzen inguruko hornidura eta urbanizazio afekzioak herritar guztiok ordaindu beharko ditugu. Alegia, hitzarmen berri honekin, Salberdineko eremua garatzearen ondorioz sortuko diren lanak eta bertako Kontzertazio Batzordeak ordaindu beharko lituzken 1.340.000 euroak udalak ordainduko ditu, herritar guztiok ordaindu behar izango dugu".

Prozedura aldetik bete beharreko pausoak ez dira "behar bezala ematen" ari ere salatu du koalizioak. Salberdingo jabeen banaketa berria arautzen duen birpartzelazioa ez dela oraindik onartu adierazi du, eta hori egiten ez den bitartean ezinezkoa dela norberarena ez den lurzoru bateko etxebizitzen zozketa prozedurak abian jartzea. "Hau ere korrika eta presaka, oinarrizko eskubide baten gauzatzea beharrean, nor lehen iritsiko den lasterketa bat bailitzan".

"Ezin da inoren bizkar egin"

Etxebizitza pertsona orori dagokion "funtsezko eskubide bat" dela sinisten du EH Bilduk. Horretarako, alokairua bultzatu eta hutsik dauden etxeak erabilgarri jartzeko neurriak bultzatzeaz gain, babes ofizialeko etxebizitzen eraikuntzak sustatzearekin ados daudela dio. Hala, Salberdingo eremuan eraikiko diren alokairuzko 60 etxebizitza eta 120 etxe babesturen proiektuarekin bat egiten du. Bide horretan sakontzeko aukerarik ere badela iritzi dio, "alokairurako etxebizitza gehiago bideratuz, Udal Gobernuari hainbat bider adierazi eta eskatu diogun moduan". Edonola ere, "hori guztia ezin da inoren bizkar egin, are gutxiago herritarren kontura eta bete beharreko prozedurak errespetatu gabe".

Zentzu horretan, abusurik eta lege hausterik ez duela onartzen berretsi du EH Bilduk: "Etxebizitzen beharra asetzeko ez dago inor zapaldu beharrik eta horretarako, kudeaketa egokia behar-beharrezkoa da, baita bertan bizi eta dabiltzanekin ere". Gaineratu du hirigintza lanak "korrika eta presaka" egiteak ez diola onurarik ekarriko herriari, eta Zarauzko Udalari eta bereziki alkateari eskatu diote kaltetuekin elkartzeko eta bitartekari lanak egiteko, "guztien onerako adostasun duin batera iristeko".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide