Pro Zarautz 2018

Maialen Saez: «Iazko emaitzei esker aurten errazago lortu dugu laguntza pribatua»

Onintza Lete Arrieta 2018ko ots. 27a, 08:00

Maialen Saez Gipuzkoako Surf Federazioko lehendakaria (Onintza Lete Arrieta).

Gipuzkoako Surf Federazioko lehendakaria da Maialen Saez (Orio, 1978). Federazioa desagertzear zela sartu zen zuzendaritzan, eta kirolari kultura uztartzea lortu du. Filosofia aldaketak uzta ona ekarri du. Atzo Pro Zarautz surf txapelketaren prentsaurrekoan izan zen.

Emakume eta surflari bezala, gustura egongo zara berdintasun arloan eman dituzuen pausoekin.
Bazen garaia berdintasuna lantzeko arlo honetan ere. Baina oraindik lan handia dago egiteko gai horretan, eta espero dut gu eredu bihurtzea beste federazio eta txapelketa batzuentzat. Zentzu horretan, nire ustez Zarauzko txapelketa erreferente bat da nazioarte mailan bi arrazoirengatik: bata da sarietan berdintasuna dagoelako, eta bestea, txapelketa eredu berri bat egin dugulako, non kirola eta kultura nahasten diren.

Iazko formatua arrakastatsua izan zen.

Iazko txapelketa izan zen orain arteko arrakastatsuena estatu mailan. Eragin mediatikoa neurtzen duen ROI azterketak balio bat ematen dio egitasmo batek sortzen duen eraginari, eta gure kasuan, 1,5 milioi eurokoa izan da. Bestalde, herrira 30.000 pertsona baino gehiago etorri ziren. Aurreko urtearekin alderatuta, guztira igoera %500ekoa izan da. Emaitza horiei esker, aurten errazagoa izan da laguntza pribatua lortzea.

Zein da helburua?

Gutxienez iazko arrakasta berdindu nahi dugu aurten, baina gure helburua hura hobetzea da, eta urte osoan ari gara horretarako lanean.

Erlazionatuak

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide