Pro Zarautz 2018

Apirilaren 4tik 8ra egingo dute Pro Zarautz surf txapelketa

Onintza Lete Arrieta 2018ko ots. 26a, 13:00

Ezkerretik hasita, Goizane Alvarez, Xabier Txurruka, Anton Saez, Maialen Saez eta Oier Illarramendi (Onintza Lete Arrieta)

QS/1.500 mailako lehiaketa izango da aurtengoa ere, eta "iaz lortutako arrakasta berdintzen" ahaleginduko dira. Delorean talde zarauztarrak kontzertua eskainiko du txapelketaren barruan.

Gaur aurkeztu dute Pro Zarautz 2018 surf txapelketa, Zarauzko Real Golf Cluben. Izan ere, Gipuzkoako Surf Federazioak eta golf klubak akordioa egin dute, eta azken horren lurretan hasiko dute txapelketa. Apirilaren 4tik 8ra izango da, eta nahiz eta "eguraldiarekin kezkatuta" egon, aukera guztiak prest dituztela azaldu du Maialen Saez federazioko presidenteak. Esaterako, bi karpa itxi jarriko dituzte, bata Munoan eta bestea lehiaketa eremuan, kultur ekitaldietarako.

Kirol arloari dagokionez, QS/1.500 mailako txapelketa izango da aurtengoa ere, eta munduko txapelketarako puntuagarria. 200 partaide inguru espero dituzte, eta "egutegiko txapelketa garrantzitsuena" izango dela azpimarratu du Oier Illarramendi txapelketako arduradunak.

Surflari gizonezko eta emakumezkoentzat sari berak egongo direla nabarmendu du, berriz, Xabier Txurruka alkateak. Goizane Alvarez aldundiko Kirol zuzendariak ere berdintasunaren gaia azpimarratu du, eta esan du neska gazteentzat garrantzitsua dela erreferenteak bilatzea, eta txapelketak hori lortuko duela.

Denek azpimarratu dute lan handia egin dela Pro Zarautz antolatzeko, eta erakundeen arteko elkarlana goraipatu dute.

Bestalde, Saezek esan du ardura handia sentitzen dutela iazko arrakasta berdintzeko ez ezik, hura hobetzeko; "hori da helburua, eta hori lortzeko lanean ari gara".

Kultura, ezinbestekoa

Iazko bideari segika, aurten ere toki garrantzitsua izango du kulturak. Saezek gogorarazi du iaz desagertzekotan egon zela Gipuzkoako Surf Federazioa, eta orduan erabaki zutela oinarriak aldatu eta kirola baino gehiago biltzea eta eskaintzea federazio bezala. Hala, FederArte Euskal Surf Kultura sortu zuten. Lehiatzeko formatu berritzailea ekarri zuen horrek.

Aurten ere, surfa baino askoz gehiago eskainiko dute apirilaren 4tik 8ra Zarautzen. Desfileak, graffittilariak, skatea, azoka eta beste hainbat jardunaldi antolatu dituzte, tartean zuzeneko musika emanaldiak. Horietan, nabarmentzekoa da Delorean talde zarauztarraren parte hartzea. Willis Drumond eta Nerabe ere igoko dira oholtzara.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide