Hamabost urtez igerian aritu ondoren, Zarautz Balea Igeriketa taldeko entrenatzailea da Pablo Cazalis duela bi urte eta erditik. Urteko entrenatzaile nabarmenaren saria jasoko du bihar, eta beretzat opari bat dela aitortu du. Aurretik ere eman zioten saria Zarauzko Kirol Sarietan, duela zazpi urte, baina orduan Gizonezko Kirolari Onenaren atalean aitortu zioten egindako lana. «2011ko ilusio berarekin jasoko dut hau ere».
Espainiako txapelketarako sailkatu den Nikolas Illarramendi igerilaria entrenatzen duelako egokitu diote batez ere saria. «Klubean sartu nintzenean, Nikolas bera zen ikur nagusiena, gainerako igerilariak gutxietsi gabe. Orduan Eñautekin entrenatzen zuen, eta harekin jada lortu zuen Espainiako Txapelketarako sailkatzea. Ondoren nirekin hasi zen entrenatzen gogoz, eta harrezkero ari gara Espainiako Txapelketetara joaten», nabarmendu du Cazalisek.
Gaur egun, ordea, Espainiako Txapelketara sailkatzeaz haratago egitea dute xede. «Domina baten bila gabiltza», argi eta garbi azaldu du entrenatzaileak. «Egia esan, 200 metro tximeleta proban aukerak ditu, eta gure lan gehiena horretara bideratzen dugu, nahiz eta beste proba batzuetan ere ongi aritzen den. Beraz, ikusiko dugu aurtengo udan domina hori Zarautzera ekartzeko gai garen».
Lorpen baten atzean kirolariaren meritua dago, baina baita entrenatzailearen lana ere. Cazalisek bi aldeak ezagutzen ditu, eta bestelako iritzia du: «Igerilari nintzenean pentsatzen nuen entrenatzailearen irudia oso garrantzitsua zela. Gaur egun, ordea, kontrako iritzia ere badut. Uste dut igerilariek meritu handiagoa dutela. Oso kirol gogorra da, oso metodikoa eta errutinaz josia igerileku baten barruan. Nikolasek astelehen, astezken eta ostegunetan entrenatzen du, goizez eta arratsaldez; sei egun arratsaldez; eta larunbat goizetan ere bai. Egia da entrenatzaileak hor egon behar duela, baina meritu guztia berea da».
Hori bai, igerilariak finkatutako helburuak lortzen dituenean, «bere poza nire poza» dela dio Zarautz Bale Igeriketako entrenatzaileak. Azken finean, jakin badaki zenbateko sakrifizioa dagoen lorpen bakoitzaren atzean.