Eguraldi txarra medio, gaur arratsaldeko Errege Magoen desfilean hainbat aldaketa egin dituzte. Hain zuzen ere, ibilbidea moztea erabaki dute, euria dela-eta. Hala, Santa Ana egoitzatik abiatuko da desfilea, eta San Inazio kaletik pasatu eta gero Kale Nagusira sartuko dira, Torre Luzearaino heltzeko. Bertan buelta hartu eta Musika plazatik Ipar kalera joko dute ondoren, Santa Marina, Herrikobarra eta Bizkaia kaleetatik igarotzeko. Foruen kaletik iritsiko da defilea Lege Zaharren enparantzara.
Bertan izango da ekitaldi nagusia, eta hori amaitu ondoren Santa Ana egoitzara joko dute parte hartzaileek, Zigordia kaletik, Musika plazatik, Kale Nagusitik eta San Inazio kaletik pasatu ondoren, hurrenez hurren. 18:30ean hasiko dute desfilea, aurreikusi bezala.