Urtero legez, Haur Kultur Taldeak eta Zarauzko Udalak egitarau betea antolatu du haurrentzat datozen jai egunetarako. Abenduaren 27an eta 28an zabalduko dute Gabonetako Haur Parkea, Aritzbatalde kiroldegian. Hain zuzen ere, puzgarriak izango dira 0-7 urte bitarteko haurrentzat, eta jolasak 8 eta 12 urte artekoentzat. Goizez nahiz arratsaldez irekiko dute: 11:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 19:00etara.
Dibertsitate funtzionala duten haurrentzat, ordea, lehenago zabalduko dute parkea. "Abenduaren 26an, 16:30etik 19:00etara, dibertsitate funtzionala duten haur eta gazteek gaztelu puzgarriekin jolastu eta frontoian talde jolasetan aritzeko aukra izango dute, Gabonetako Haur Parkeak haientzat bakarrik irekiko baititu ateak", adierazi du Miren Letamendia Osasuneko zinegotziak. Zarautz Egokituz, Aspace, Gautena, Atzegi, Ortzadar eta Pausoka elkarteko kideak bertaratuko dira egun horretan. "Elkarteek haur eta gazte hauen alde egiten duten lana babestu nahi dugu eta parkea eurentzat soilik zabaltzeko aukera eskaini diegu", dio Letamendiak.
Abenduaren 29an, berriz, haur jolasak izango dira LH 3., 4., 5. eta 6. mailakoei zuzenduta, igerilekuan. Hurrengo egunean, hilaren 30ean, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Borobilean ikuskizuna eskainiko dute, bi saiotan: 16:00etan zein 18:30ean. Sarrerak Andatza kafetegian, Geltoki tabernan eta Koxkor okindegian daude salgai, 6 eurotan.
Urte hasieran ere hainbat ekitaldi
Urte hasierarekin, urtarrilaren 2an eta 3an txu txu trena ibiliko da kaleetan zehar, Lege Zaharren enparantzatik hasita. Era berean, ballet errusiarrak emanaldi berezia eskainiko du urtarrilaren 2an, kiroldegian, 18:30ean. Sarrerak Turismo Bulegoan daude eskuragarri, 3 euroan.
Haurren Hamabostaldiari amaiera emateko, urtarrilaren 2an, 3an eta 4an ipuin kontalariak izango dira musika eskolan, 11:30ean. Lehen eguneko saioa 3-6 urte arteko haurrei egongo da zuzenduta, bigarren egunekoa 5-8 urte bitartekoentzat eta hirugarrena, berriz, 8-10 urte bitartekoentzat.