Haur Kultur Taldeak eta Zarauzko Udaleko Jaiak eta Ekitaldiak Departamentuak antolatuta, XXXV. Haurren Gabonetako Hamabostaldia izango da abenduaren 16tik urtarrilaren 4a bitartean. Urtero bezala, jolasekin eta txistorradarekin hasiko dute egitasmoa –larunbat honetan izango da, 17:30etik aurrera, Musika plazan–, eta Eguberri eguna igarota helduko diote martxari.
Gabonetako haur parkea, ur jolasak, txu-txu trena, balleta, ipuin kontaketak eta Pirritx, Porrotx eta Marimotosen emanaldiaz gozatzeko aukera izango dute etxeko txikienek. Pailazoek Borobilean lan berriaren bi emanaldi eskainiko dituzte, 16:00etan bata eta 18:30ean bestea. Sarrerak ostegun honetan, hilaren 14an, jarriko dituzte salgai, 6 euroan, ondorengo tokietan: Andatza kafetegian, Geltoki tabernan eta Santa Marinako koxkor okindegian.