Gallo surf egokituko munduko txapelketan izango da aurten ere

Zarauzko Hitza 2017ko azaroaren 22a

Iazko finaleko irudi bat. (isaworld.com)

Txapelketa hilaren 29etik abenduaren 3ra bitartean jokatuko dute, La Jollan (San Diego, Kalifornia, AEB).

Hirugarren urtez, Stance ISA World Adaptive Surfing Championship proban hartuko du parte  Aitor Frantzesena Gallo-k. Iazko garaipenaren ondoren, ikusmen arazoak dituztenen mailan lehiatuko da aurten ere La Jollan (San Diego, Kalifornia, AEB). Txapelketa hilaren 29etik abenduaren 3ra bitartean jokatuko dute.

Proba hasi baino lehen, hilaren 28an, egingo diete parte hartzaileei ongietorria, eta bezperan, hilaren 29an, berriz, surf egokituko clinic saioa eta irekiera ekitaldia izango dira. Lehia, berriz, azaroaren 30etik aurrera izango da eta parte-hartzaileak norbanako gisa zein taldeka hartuko dute parte.

Gallorentzat hirugarren urtea da txapelketan parte hartzen duena. Lehenbiziko proban, 2015ean, final laurdenetara heldu zen zarauztarra, eta bigarrengoan, iazkoan, txapeldun izan zen bere mailan. Aurreko urteetan bezala, zuzenean jarraitu ahalko da aurtengo txapelketa, ISA nazioarteko surf elkartearen atarian.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide