Aurtengo Kuadrila Eguna "oso arrakastatsua" izan dela-eta, pozik agertu dira antolatzaileak. Gazteria sailak bultzatutako ekimena bada ere, zerbitzuetako hezitzaileek eta herriko hainbat gaztek elkarrekin osatutako egun osoko egitaraua antolatu zuten, haurrentzako, nerabeentzako eta gazteentzako ekintzekin. "Parte hartzea handia izan zen, eta egun guztiko giroa oso sanoa. Pozik gaude emaitzarekin; txalotzekoa izan da gazteen jarrera", nabarmendu du Gazteria zinegotzi Jon Andoni Urdangarinek. Era berean, udalak herritarren jarrera zoriondu du, "parte hartzea handia izateaz gain, ardurazko jokabidea nagusitu zelako".
Orain, ebaluazio bilera deitu dute ostegunerako, azaroaren 9rako; gaztelekuan izango da, 18:30ean hasita. Egunaren balorazioa egiteaz gain, datorren urterako plangintza adostuko dute. Urtetik urtera "indarra hartzen" ari den eguna dela dio Gazteria zinegotziak, baina bide horretan jarraitzeko "guztion lankidetza" beharrezkoa dela uste du. Hala, "udalaren eta gazteen arteko harremanak uztartzeko bidean lan egingo dugu, Gazte Zerbitzuaren barruan".
Erantzun ona
Urte batzuren ondoren, aurten goitibeheren jaitsiera berreskuratu zuten, eta, hain justu ere, ekintza horrek eman zion hasiera Kuadrilla Egunari. Haurrentzako bi gune jarri ziren, goizean txikientzat eta arratsaldean koskorragoentzat, familiei haurrekin egoteko aukera eskainiz. Nahiz eta euriak hainbat aldaketa egitera bultzatu zituen antolatzaileak, jendearen erantzuna ona izan zela adierazi dute. Zentzu honetan, gauean, herri bazkaria egiteko karpak aprobetxatuz, Musika plazan estalpea jartzea ahalbidetu zuten.
"Apartekoa izan zen herri bazkariko giroa, eta nerabeentzat prestatutako dantza saioetan egon zen parte hartzea. Esanguratsua da gazteoi jarduerak egiteko aukera ematen zaigunean erakusten dugun jarrera positiboa", azaldu du Urdangarinek.