Egin dezagun amets, esnatu gara eta! lelopean dator Putzuzulo Amets Fabrikaren XII. urteurrena. Ohiko moduan, ia hilabetez iraungo duen egitarau betea antolatu dute gaztetxeko kideek, baina, horien artean, ekintza pare bat azpimarratu dituzte, herritarrei horietan parte hartzeko gonbidapen berezia eginez. «Aurtengo helburua da gure aurretik izan diren ekintza desobedienteak ezagutzea, horien guztien atzean lanean ibili ziren pertsonak aitortzea eta omentzea eta etorkizunari begiratzeko belaunaldi gazteei baliabide gehiago ematea. Transmisio lana egitea, alegia», azaldu dute.
Hori dela eta, Desobedientziaren Kantu Bira antolatu dute biharko. Izan ere, «uste dugu esnatu zirelako esnatzen jarraitzen dugula gaur; amestera ausartu zirelako egiten dugula amets gaur». Desobedientziaren adierazpide batzuk berriz gogoratu nahi dituzte, eta «gure memorian betiko gal ez daitezen aitortu». Lege Zaharren enparantzatik abiatuko dira, 11:30ean, eta Zarauzko herri mugimenduarentzat «garrantzitsuak» izan diren txokoak bisitatuko dituzte.
Txoko bakoitzean, bertan gertatutako istorioak kontatuko dituzte hainbat lagunek. Halaber, «herri mugimendu eta ameslari haiek» omenduko dituzte, baita aztarnatxo bat utzi ere. «Kantuz eta umorez, herriko historiaren zati bat ikasteko aukera izango dugu». Arraio Irratiak zuzenean emitituko du ekitaldia; eta, bide batez, denboraldi berriko programazioa ere aurkeztuko du.
Azaroaren 4an, berriz, etorkizunari begira jarriko dira, Herri Mugimenduaren Topaketekin. #esnatuzarautz lelopean, herriko auzo elkarte eta taldeekin elkargune bat osatu nahi dute, «gure argazki bat osatu eta etorkizunean nola lagundu dezakegun elkar hausnartzeko».
Horiez gain, hamaika ekintza antolatu dituzte datozen asteetarako. Besteak beste, mendi buelta, yoga eguna, hitzaldiak, antzerkiak, magia ikuskizuna, haurrentzako tailerrak eta Anestesia taldearen birako azken kontzertua. Herenegun jarri zituzten sarrerak salgai, eta ordu laurdenean agortu ziren.
Urteak «justifikatzen»
Astelehenean izango da Putzuzuloren urteurren eguna, urriaren 30ean, eta ohiturari jarraituz, ohiko toparekin eta bazkariarekin ospatuko dute gaztetxeko kideek. Nolanahi ere, kritiko agertu dira: «Urteak goaz, garai honetan, gure existentzia ‘justifikatzen’. 12 urteko ibilbidea egina dago. Eta honek erakusten du garena eta izan garena. Baina badirudi 12 urteko ibilbidea ere ez dela nahikoa. Oraindik ere, eraikina okupatu genuenean zituzten aurreiritzietatik atera ezinda jarraitzen dute batzuk».
Iritzi horietariko «gehienak» udaletik datozela eta horrek «asko kezkatzen» dituela gaineratu dute: «Udal boterea EAJ alderdiaren eta norbanakoen interesen alde erabiltzen ari dela uste dugu eta, ondorioz, herritik sortzen diren askotariko ekimenak oztopatzen ari direla».
Salberdin eremua eraitsi egin duten honetan, EAJri eta Udal Gobernuari «bustitzeko» eskatu diete: «Putzuzulorekin eta Xakela Asanbladarekin zer asmo duten garbi herriari esatea. Eredua gustukoa ez badute eta akabatzen saiatuko badira, esan dezatela. Ausartak izan daitezela, eta benetan herri honentzat nahi duten eredua zein den esan dezatela. Ez du balio elkarbizitza, parte hartzea, berdintasuna, euskalzaletasuna eta antzerako hitz politez ahoa betetzea eta ondoren egunerokoan eredu neoliberal basatia ezartzea».
Putzuzuloko kideek «herri bizi bat» nahi dutela aldarrikatu dute, eta kontran, Udal Gobernuak «herritik bizi» nahi duela. Gaztetxeak «bere eredua zein den erakutsi» duela diote: «Herritik eta herriarentzat lan egin nahi dugu, mimoz eta mamiz landutako sare eta jendarte baten aldeko hautua egin nahi dugu, txikitik eragiteko apustua berretsi nahi dugu».