Putzuzuloren 12. urteurrena

Amestu dezagun elkarrekin

Putzuzulok 12. urteurrenera begira, ondoko testua eta bideoa kaleratu ditu.

"Urteurrena datorkigu gainera. 12.a ospatuko dugu aurtengoan. Zerrendatu genitzake, beste behin, urte guzti hauetan egindako kontzertu, antzerki, bilera, hitzaldi, jardunaldi… Baina nazkatu gara. Urteak goaz, garai honetan, gure existentzia “justifikatzen”. 12 urteko ibilbidea egina dago. Eta honek erakusten du garena eta izan garena. Baina badirudi, 12 urteko ibilbidea ere ez dela nahikoa. Oraindik, okupatu genuenean zituzten aurreiritzietatik atera ezinda jarraitzen dute batzuk. Hauei ere, egindako ibilbideak definitzen die nortasuna. Jarrera hauetariko gehienak udaletik etortzeak ere asko kezkatzen gaitu. Ez gaitu harritzen, kezkatu egiten gaitu. Larriak direlako herri honetan gertatzen ari direnak.

Garbi geratu da herritik sortzen diren dinamikak ez dituela maite PNV-k. Baina boterea interes pertsonalen alde larriki erabiltzen ari direla uste dugu.

GUK, kontzertuak eta festak limitadorearekin antolatu beharra ditugu, HAIEK ez. GUK, herriarenak diren azpiegiturak erabili ezinda antolatu behar izan ditugu hainbat ikuskizun, HAIEK, eszenatoki, musika ekipo, jatetxe eta luxu guztiekin antolatzen dituzte euren ikuskizunak. GUK, baimenak eskatu arren, ezin ditugu gure urteurreneko kartelak panel urdinetatik aparte zintzilikatu. HAIEK, aldiz, hauteskundeak datozen bakoitzean herriko parkeak panel bereziz betetzen dituzte. Halanola ulergaitza egiten zaigu Gran Circo Italiano edo Feria de Irun Outlet-ek gaztelaniazko kartelak jartzeko baimena izan eta herriko eragile batek baimena eskatuta ere aukerarik ez izatea [hor ikusten da ordenantzaren helburua ez dela kalean txukun mantentzea. Ideia jakin batzuk isilaraztea baizik].  GUK, antolatzen dugun festa bakoitzean, erabilitako espazio guztia garbitu behar dugu fidantza ez kobratzearen mehatxupean (eta gustura garbitzen dugu gainera guk zikindutakoa). HAIEK, hondartza guztia zerri eginda utzita ere burua altxatzen dute garbiketa zerbitzuak goraipatuz. Eta horrela biblia oso bat idazteraino.

Eredu honek zer dakarkio Zarautzi? Aparkalekuak eta kotxeak, zementua, erdara nagusi herriko saltoki eta tabernetako karteldegi eta menuetan, baita udaletxeak eta haren ordezkariek sare sozialetan egiten dituzten adierazpenetan, euskararen aurkako pintadak, musulmanen aurkako pintadak (beste kartel eta pintada batzuk ordu gutxitan garbitzen dituzte, hauek aldiz ez), adingabeen bortxaketak, Feminazitzak jotzen gaituzten tweetak udaleko ordezkarien aldetik… ikusten da zaintzen ez den herriari zer pasatzen zaion. Guk herri bizi bat nahi dugu eta haiek herritik bizi nahi dute.

Lan baldintza prekarioetan gidatutako grua eta eskabadorak bizilagun ditugun honetan, Xabier Txurrukari bustitzea exijitzen diogu. Putzuzulorekin eta Xakela Asanbladarekin zer asmo duten garbi herriari esatea. Eredua gustoko ez badute eta bertan akabatzen saiatuko badira, esan dezatela. Ausartak izan daitezela eta benetan herri honentzat nahi duten eredua zein den esan dezatela. Ez du balio elkarbizitza, parte hartzea eta antzerako hitz politez ahoa betetzea eta ondoren egunerokoan lantzen dena eredu kapitalista basatia izatea.

Guk, erakutsi dugu zein den gure eredua. Herritik eta herriarentzat, mimoz eta mamiz landutako sare eta jendarte baten aldeko hautua egin dugu. Txikitik. Eta bide horretan jarraituko dugu, bidetik eskabadora eta gruak kendu behar baditugu ere. Herritar bati irakurri genion bezala: Ametsik politenak ez omen dira behin soilik bete daitezkeen haiek, luzaroan ekinean aritzera behartzen zaituztenak baino.Bestela, ametsa, bete ahala hustu egiten da. Eta zuk? Zuk zein ereduren alde egingo duzu?"

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide