Ekhine Eizagirre azaroaren 11n utziko du aske Frantziak

Zarauzko Hitza 2017ko urriaren 19a

Ekhine Eizagirre Fresnes kartzelan.

Haren gertukoek jakinarazi dute Ekhine Eizagirre azaroaren 11n utziko duela aske Frantziako Gobernuak. Hala ere, estradizioan hartuta dagoenez, ikusi beharko da Espainiak zein jarrera duen harekiko. Beraz ez dago argi herrira noiz itzuliko den. Dena den, Fresneseko espetxea utziko duen data ezarri dute: azaroaren 11a.

2013ko maiatzaren 7an atxilotu zituzten Frantzian hura eta beste bost lagun: Raul Aduna gasteiztarra, Andoni Goikoetxea tolosarra, Barrundiako Igor Uriarte eta Arrasateko Julen Mendizabal eta Kepa Artauz. Lau urte eta lau hilabete kartzelan igaro ondoren, pasa den irailaren 6an hasi zuten sei kideen kontrako epaiketa.

Hurrengo egunean eman zuten behin betiko emaitza: sei urteko kartzela zigorra ezarri zioten zarauztarrari, Uriarteri, Artauzi eta Goikoetxeari. Aduna eta Mendizabali, berriz, zazpi urtekoa. Kartzelan emandako denbora  eta kenkari orokorrak nahiz espetxe bakoitzari dagozkionak kontuan izanda, orain arte ez zegoen argi zein egun zehatzetan geratuko ziren aske. Dagoeneko konfirmatu dute haren gertukoek: hiru asteren buruan izango da libre zarauztarra.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide