Santa Klara, Azken Portu eta Aritzbataldeko festak 2017

"Mugagailurik ez jartzeko proposatuta ere, ezezkoa jaso nuen bueltan"

Zarauzko Hitza 2017ko abu. 11a, 14:25

Udal Gobernuko ordezkariak, eguerdiko agerraldian.

Jesus Arana jarduneko alkateak bart gauean Azken Portun gertatu zenaren irakurketa egin du. Adierazi du udalak "prestutasun osoa" duela gaia bideratzeko.

Udal Gobernuko hainbat kidek agerraldia egin dute oraintxu, bart gauean Azken Portun gertatu zenaren irakurketa egiteko. Jesus Arana jarduneko alkateak eman ditu azalpenak, eta adierazi du "penagarria" dela gaur bertan jaso duten berria, hau da, santaklarak bertan behera geratu izanaren albistea.

Jakinarazi duenez, Aranak berak in situ bizi izan zuen atzo gauean jazotakoa, eta hala kontatu du: "Atzo Azken Portun bertan nengoen beste ekitaldi batean, eta batzordekide bat etorri zitzaidan esanez mugagailua jarrita taldeek ez zutela joko. Gai horiek eramaten dituen enpresako arduradunari deitu nion orduan, eta gomendatu zidan txosnagura joateko zer gertatzen ari zen argitzera. Nik, pertsonalki, batzordekideei muga 95 dezibeliotara–berez, 92 dezibelioetan zegoen jarrita muga– igotzeko proposatu nien, eta proba bat egiteko. Ezezkoa jaso nuen batzordekideen aldetik". 

Orduan, mugagailua bere gehiengora eramateko esan ziela nabarmendu du jarduneko alkateak, hau da, 120 dezibelioetara, "diskoteka handi batean baino gehiago". Haren arabera, soinua neurtzeko gailu bat mahai gainean jartzeko eskatu zien Aranak, zarata maila erregistratuta gera zedin. "Limitaziorik gabe egiteko proposatu nien, baina ohartarazi nien erregistratu egin behar zela soinu maila. Nire harridurarako, mugagailurik gabe ere, ezezkoa jaso nuen bueltan".

Horren aurrean, bera txosnagunetik aldendu zela kontatu du, eta une horretan batzordekideak oholtzara igo zirela, kontzertuak bertan behera geratuko zirela adierazteko. "Handik irten orduko jarri nintzen harremanetan batzordekideekin, auzia bideratu egin behar zela esateko. Gaur goizean ere gauza bera egin dut: haiekin jarri naiz harremanetan, eta jakinarazi didate ekitaldi guztiak bertan behera uztea erabaki dutela". Erabaki hori "pena handiz" hartu duela aitortu du Aranak, "santaklarak ez baitira soilik gaueko kontzertuetara mugatzen; ekitaldi asko eta asko antolatzen dituztelako festen bueltan".

Nabarmendu du udalak gaia bideratzeko prestutasuna duela: "Udalak modu positiboan baloratzen du Azken Portuko jaiek duten indarra. Baina beharrezkoa da herritarren eta batzordekideen arteko bizikidetza bermatzea. Hori da gure lana. Horretan ari gara 2015etik eta gure helburua da hala jarraitzea".

2015ean, Salberdinen

Aranak atzera begirako bat egin du, testuingurua azaltzeko. Haren hitzetan, duela bi urte Udal Gobernua osatu zutenean, hainbat neurri hartu zituzten, festa horien inguruko gorabeherak medio. "2014an aurreko alkatea, Juan Luis Illarramendi, epaileen aurrean zegoen gai honi lotuta, eta kexa ugari zeuden erregistratuta udalean. Horiek, oro har, zarata, bibrazioak, kiratsa, higienea eta irisgarritasun faltarekin zeuden lotuta". Gogoratu du hainbat bilera egin zituztela festetako batzordekideekin, eta udal ordezkariek jakinarazi zietela Astazubi plaza ez zela "egokia" halako kontzertuak antolatzeko.

"Ulertzen dugu Astazubik duen xarma, eta hainbat ekitaldi bertan mantendu behar zirela bagenekien, baina ez kontzertu handi horiek", adierazi du Aranak. Hala, gaueko ekitaldiak Salberdingo aparkalekura lekualdatzeko proposatu zioten batzordeari. "Haiek ez zuten egoki ikusi, baina gure erabakia izan zen horrela izatea. 2015ean bertan egin ziren lau egunetan kontzertuak", dio.

Haren hitzetan, kontzertuak amaitzeko orduak eta soinu mugak ere finkatu zituzten: "Egun batzuetan 03:00etan, 04:30ean bestean... Eta zarata maila 95 dezibeliora mugatu genuen". Txosnetako giro musika 60 dezibeliotan mantendu zutela ohartarazi du, 05:30a arte, eta 06:00etan ezarri zutela txosnen itxiera ordua, garbiketa zerbitzua "txukun" egin zedin. 

Udalak 2015ean azterketa egin zuen, eta "berriz ere" alboko etxeetako bizilagunen kexak jaso zituztela jakinarazi du jarduneko alkateak, ordutegien eta zarataren inguruan. "Jai batzordearen kexak ere jaso genituen, esanez festek Astazubira itzultzea nahi zutela". Aitortu du 2015ean festa batzordearekin hasi zuten elkarlan horrek hainbat fruitu ere eman zituela: "Hasi ginen kontzertuetako ordutegiak finkatzen, irisgarritasun neurriak hartzen, higiene arazoak ere ez ziren hain nabarmenak. Gramola desagertzeak  bermatu zuen ordu pilotxo batean herritarren deskantsua".

Iaz, Urdaneta kalera

Aranaren arabera, festa batzordekoek adierazi zien Salberdin ez zela "egokia", "hotza" egiten zitzaiela. Hori dela eta, iaz Urdaneta kaleko aparkalekura bideratzeko proposamena egin zieten batzordekideei. "Esan genien 2016an proba egiteko, kokapena txukuna iruditzen zitzaigulako. Hala ere, baldintza batzuk ipini behar izan genituen, etxeak oso gertu geratzen direlako. Batzordetik jaso genuen jarrera positiboa izan zen, elkarlanean aurrera egiteko aukera ikusi genuen".
Iaz hiru egunetan izan ziren kontzertuak, "95 dezibelioko soinua maila errespetatu genuen, hau da, Salberdineko bera. Edonork ikus dezake Salberdinen 95 dezibelioko muga nahikoa baldin bada, leku estuago batean nahikoa izango zela". Gogoratu du soinu mugagailuak jarri zirela, txosnetako ordutegia mantendu zela eta ez zegoela gramolarik. Kasu honetan ere, herritarren hainbat kexu jaso zituztela adierazi du Aranak, 95 dezibelioko muga hori "gehiegizkoa" zelako. "Aurtengoari begira, neurri zuzentzaile batzuk hartzea erabaki genuen: bozgorailuen norantza lantzea; kardioide patroia deitzen zaiena ezarri, atzeko etxeetan bibrazioek zein zaratak hainbesteko eragina izan ez zezaten; bibrazioak ekiditeko bozgorailuak lurrean ez jartzea eta infrabaxuak filtratzea...". Era berean, 95 dezibeliotik 92 dezibeliora jaitsi dute aurten ozentasun maila. "Gogoratu nahi dut Salberdinen 95ekoa jarri zela, eta aurten 3 puntu jaitsi dugula".

Aitortu du udala "prest" zegoela atzo gaueko "kontzertuak salbatzeko", baina ez dakila "zer gertatu zitzaion beste aldeari prestutasun falta hori" izateko. Zentzu horretan, errepikatu du udala prest dagoela elkarlanerako.

Erlazionatuak

Santaklarak, bertan behera

Zarauzko Hitza 2017 abu 11 Zarautz

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide