"Protokoloa lantzen ari gara eta horregatik oso gogorra egiten zaigu Zarauzko Mugimendu Feministak adierazitakoa", nabarmendu du Gloria Vazquez Berdintasun zinegotziak. Zarauzko Hitzari jakinarazi dio aurreko astean bildu zirela Zarauzko Udaleko talde politiko guztiak, Zarauzko Mugimendu Feministak eraso sexistei erantzuteko proposatutako babes neurriak aztertu eta denen iritziak jasotzeko.
Gaineratu du hurrengo asteazkenean, hilaren 26an, bilduko direla berriz ere, lanketarekin jarraitzeko asmoz. "Prozesuan gaude, lanean gabiltza, eta badakite", dio. Hain zuzen ere, Berdintasun zinegotziak adierazi du Emakumeen Kontseiluan ere jorratu zutela gaia, eta jakitera eman zitzaiela landuko zutela protokoloa. "Ez diegu erantzun, oraindik ere lanean gabiltzalako. Bukatzen ari gara".