Sanpelaioak 2017

«Oso gogotsu gaude»

Aritz Mutiozabal 2017ko eka. 24a, 13:30

Zarauzko Txolarte aisialdi taldeko erabiltzaileak eta begiraleak.


Ilusioz hartu dute Txolartekoek sanpelaioetako txupinazoetako bat botatzeko ardura; aurten jaiak «bereziak» izango direla diote.

«Egia esan, sorpresa handia izan da guztiontzat, inoiz ez baikenuen halakorik pentsatu». Sanpelaioetako txupinazoetako bat botako du aurten Txolarte aisialdi taldeak, eta bertako erabiltzaileei ez ezik, familiartekoei eta begiraleei ere ilusio handia egin dietela nabarmendu du taldeko begirale Eider Oñatibiak. «Oso gogotsu gaude eguna iristeko. Herriko jaiak beti gogoz hartzen dira, eta aurtengoak bereziak izango dira gu guztiontzat».

Aurten Txolarteko elastikoak berritu dituzte, erabiltzaileek beraiek diseinatuta, eta «horiek azaltzeko desiatzen egongo di­ra». Erabiltzaileez eta begiraleez gain, familiartekoak ere igande gaueko ekitaldian izango direla jakitera eman du Oñatibiak: «Familiek ere lan handia egiten dute, eta hori ere erakutsi nahi dugu. Beraz, udaletxeko balkoira erabiltzaileak, begirale boluntarioak eta familiartekoak agertzea da gure asmoa, San Pelaiotako mezua zabaltzeko». Hitzordua ere jarri dute: 23:30ean elkartuko dira udaletxe aurrean, Txolarteko elastikoak jantzita.

Talde bezala danborradan ateratzen ez badira ere, hurrengo urteetara begira ideia polita izan daitekeela iritzi dio begiraleak. Bien bitartean, «urtero bezala, San Pelaioren ereserkia aho batez abestuko dugu, eta aurten ziur gogo gehiagorekin».

Ikusgarritasuna

Atzegi adimen urriko pertsonen aldeko Gipuzkoako elkartea da, eta hainbat zerbitzu eskaintzen diete erabiltzaileei: udako oporrak, kirol jarduerak, ikastaroak, formakuntzak eta abar. Zerbitzuetako bat Txolarte asialdi elkarteak dira, eta asteburuetan lagunekin bildu eta askotariko ekintzak egiteko aukera ematea du xede. «Elkartze lekua herriaren erdigunetik nahiko urruti daukagu, eta ondorioz, arratsaldez egiten ditugun planak elkartze puntutik gertu izaten direnez, jende gutxik daki non gauden», adierazi du. «Larunbat goizetan, ordea, herrian zehar buelta bat ematean, erabiltzaileen ezagun askok agurtzen gaituzte eta gurekin hizketan gelditzen badira ere, orokorrean, ez dugu ikusgarritasun handirik. Dudarik gabe, aitortza honek behar dugun ikusgarritasuna emango digu».

Zazpi begirale boluntario dira taldean, eta zortzi erabiltzailerekin elkartzen dira larunbatetan. Ikasturte hasieran denen artean osatzen duten egutegia jarraitzen dute. Herrian ekitaldiak edo jaiak daudenean goizez egiten dituzte ekintzak –poteora joan, herritik paseatu eta azoka ikusi, besteak beste– eta bestetan, berriz, arratsaldez: filmak ikusi, paseatu, eskulanak egin edo sukaldaritzan aritu.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide