Ohiko ibilbidea egingo dute parte hartzaileek, 18:30ean lau auzotatik irtenda: horiz jantzita Azken Portutik, gorriz Iñurritzatik, berdez Vista Alegretik eta urdinez Itxasmenditik. Garazi Uyarra eta Nora Hernandezek zuzenduko dute Azken Portutik irtengo den taldea; Julen Taboada eta Alex Aguadok Iñurritzatik aterako dena; Nerea Isusik eta Asier Egañak Vista Alegretik irtengo dena eta Nahia Sanzek zein Ibai Diazek Itxasmenditik aterako den taldea.
Ohi bezala, gaztetxoenek danborradako desfilean hartuko dute parte: iñudez eta bañeruz jantzita irtengo dira batzuk Itxasmenditik; arrantzalez eta arrain saltzailez mozorrotuta Vista Alegretik; baserritar eta nekazariz Azken Portutik eta arotz zein plantxatzailez Iñurritzatik.
Kalerik kale ibili ondoren, 20:00etan elkartuko dira guztiak Lege Zaharren enparantzan, Imanol Urbieta zenaren hainbat pieza jotzeko.
Aurrez, eguerdian, alkate makila jasoko du Haurren Agerraldiko Danbor Nagusi Nerea Isusik; gainerako zuzendariak ere bertan izango dira. Orduan botako dituzte txupinazoa eta suziriak jaiei hasiera emateko.