Urtero legez, Zarauzko Udalak Xabier Lizardi Saria antolatu du, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren barruan eta gaztetxoen artean literatura suspertzeko helburuarekin. Dagoeneko aurkez daitezke lanak 36. literatur lehiaketara.
Parte hartzaileek 18 urtetik gora izateaz gain, ondoko baldintzak bete beharko dituzte: haur edota gazteentzako ipuinak aurkeztu beharko dituzte; euskaraz idatzita egon beharko dute eta originalak, inoiz argitaratu gabeak eta bestelako lehiaketetan saritu gabeak izan beharko dute. Gaia librea izango da, eta partaide bakoitzak lan bat edo gehiago aurkez ditzake.
Era berean, lanek makinaz edota ordenagailuz idatzita egon beharko dute, 24.000 karaktere baino gehiago izan beharko ditu, Times New Roman letra mota erabili beharko da, lerro artean tarte bikoitza utzi eta DIN A 4 neurriko orrietan aurkeztu. Lan bakoitzaren ale bat bidali beharko da, ongi josia, zenbakitua eta era soil batean tolestuta.
Izengoiti batekin sinatu beharko da, eta aparteko gutun azal itxi batean gehitu beharko dira egilearen datuak: izen-abizenak, helbidea eta telefonoa. Lanak Lizardi sarirako direla zehaztu behar da. Lanak posta arruntez bidali behar dira.
Azaroaren 15era arte aurkez daitezke lanak.