«Neure burua proban jartzea gustatzen zait, literaturarekin jolastea»

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2017ko api. 26a, 10:00

Leire Bilbao, Lizardi Sariko sari banaketa ekitaldian (Amaia Ventas Aldabaldetreku).

13 lanen artean, Leire Bilbao ondarroarraren Pikondoaren balada ipuina aukeratu du Lizardi Sariko epaimahaiak. Atzo izan zen sari banaketa ekitaldia, eta «oso gustura» agertu zen Bilbao.

Leire Bilbaoren (Ondarroa, 1978) Pikondoaren balada ipuinak «familia istorio batetik, istorio unibertsal bat kontatzen du». Idazlearen arabera, bizi filosofia bat da. Lukasen bizi filosofia: pikondotik ez jaistearena, alegia.  Atzo bertan izan zen sari banaketa ekitaldia, Liburuaren Egunaren bueltan, Sanz Enea liburutegian. 3.700 euro jaso ditu, eta udalak ipuinaren 2.500 ale banatuko ditu ikasleen artean.

Zer izan da zuretzat Lizardi Saria jasotzea?
Lizardi Sariak badu sona eta izena, eta horregatik gustura nago. Beti da ederra lan bat bidali eta urte bukaeran [abenduan jakinarazi zioten], Olentzeroren opari gisa, berri hori jasotzea.
 
Lukas ez dela pikondotik jaitsiko, hori da kontakizunaren hasiera. Zer kontatu nahi izan duzu ipuinarekin?
Lehenbiziko kapitulua bi esaldi dira. Horrela dio: Ez zela jaitsiko esan zuen. Ez zela jaitsiko pikondotik. Esaldi pare horrek Lukasen bizitzaren filosofia jasotzen du. Lukasek une batean erabakitzen du bere etxe ondoan dagoen pikondora igoko dela eta ez dela bertatik jaitsiko. Nahiz eta gerra etorri, nahiz eta gerran parte hartzeko deitua izan, nahiz eta bere anaia gerrara joan, berak esaten du ezetz, bera ez dela jaitsiko pikondotik.

Sasoi horretan intsumiso hitza ez zen ezagutzen, baina bai bakezalea. Berak ez du bere burua desertore gisa definitzen; berak badaki ez dela desertorea, bakezalea baizik. Hori baino haratago, pikondoarena da bizitzaren gaineko filosofia bat: lurrari lotuta dago, bai, baina era berean begiak hodeiertzera ditu jarrita, naturara, txoriei... Beste ikuspegi bat du Lukasek, propioa. 

Lukasen istorioa da, baina Martinak, haren ilobak, kontatua.
Bai, harek jasotzen duena haren hitzekin kontatuko du. Kontakizun honek ekintza gutxi ditu, baina gogoeta asko. Martinak bere familiaren istorioa kontatzen du, bere osaba aitzakitzat hartuta, eta pikondoa bihurtzen da protagonista.

Hain zuzen ere, familia bizi den etxea Piku Enea deitzen da, pikuaren ondoan eraiki zuelako Lukasen aitak. Etxea amaitzen duen egunean bertan, azken teila jartzen duenean, teilatutik erori eta hil egiten da Martinaren aitita Martin. Eta egun horretan bertan jaioko da Lukas, pikondopean. Martin hiltzerakoan, ama bi semeekin geratuko da, oso ezberdinak diren bi semeekin. Dikotomia bat dago bien artean; lurra eta zerua bezala dira. Nagusia dago lurrari oso lotua, arrazionala da, gerrara joaten da bereak defendatzera...Lukas, berriz, gehiago da begieslea edo kontenplatiboa, bere filosofiari eusten diona. Lukas beti egongo da pikondoari lotuta. Eta azkenean ikusiko da nola Martinak ulertzen duen bere osaba zoroa eta hark bizitzaren gainean duen ikuspuntua.

Bizi filosofia bati lotua egoteaz gain, Lukasek ere garrantzia emango dio ahozko tradizioari .
Bai, Lukasek balio handia ematen dio ahozkotasunari, tradizioari, filosofiari zein literaturari, eta hori baliatu dut ipuinean kantu eta kontu zaharrak sartzeko. Hain zuzen ere, Lukasek bere ilobari trasmitituko dizkio euskal balada zaharrak. Zentzu horretan, tradizioaren eta transmisioaren lekua ere bihurtuko da pikondoa.

Horri lotuta, gaztetxoentzako literatura izanda ere, helduentzako ere baliagarria dela nabarmendu du epaimahaiak.

Euskal literaturak balada, esaera zahar, kantu eta atsotitz asko di­tu, eta eder askoak. Baliatu naiz, batez ere, Xabier Amurizak egin zituen Bizkaiako bertsogintzari buruzko bilduma batez. Bertan jaso zituen kopla eta balada izendunak eta izen bakoak. Izen gabeak asko euskal tradiziotik eta ahozkotasunetik datoz, eta haiek gogora ekarri nahi izan ditut.

Hiru Truku taldeak ere berreskuratu zituen hainbat balada, eta horien zati batzuk sartzen ere saiatu naiz. Lukasek abesten ditu balada horiek ekintzak gertatzen diren bitartean. Horrek eman dit aukera estiloa bera bideratzeko; hau da, poetikotasuna eman eta giro bat sortzeko.

2006an hasi zinen gazte eta haur literatura lantzen, eta 2016an jakinarazi zizuten Lizardi Saria eskuratu zenuela, 10. urteurrena biribiltzeko.
Urte askotako lanaren ondorioa dela esan beharra daukat. Irakurzaleak garelako hasten gara idazten, ia-ia ohartu gabe argitaratzen hasten gara... 2006an eman zuten argitara Ezkatak nire lehenbiziko poema liburua. Eta urte horretan bertan kaleratu nuen Amonak nobioa du, eta zer? haurrentzako liburua. Finean, egin ahala ikasten du batek, eta hala egiten du bidea.

Hamar urte igaro dira nire lehenbiziko argitalpenetatik, eta beti jarraitzen dut ikasten eta ikasteko gogoz. Neure burua proban jartzea gustatzen zait, istorioak asmatzen eta estilo ezberdinak probatzen. Literatura hitzarekin jolastea ere bai, besteak entretenitzeko, baina baita neure burua proban jartzeko ere.

Etorkizunera begira ere zeure burua proban jartzeko asmoa duzu, beraz?

Bai, niri funanbulistaren sentsazioa asko gustatzen zait, jakitea aurrean badagoela soka bat eta ikustea ea gai izango naizen aurrera jarraitzeko, ezkerrera edo eskuinera eroriko naizen... Tximeletak sabelean sentitzea, alegia. Beti aurrera begira.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide