Larunbatean izango da Merkatutik zuretzat! zikloko bigarren saioa, 11:00etatik aurrera. Ilarrak, babak eta azenarioak dira maiatzeko bertako produktuak, eta horiek baliatuko dituzte show cooking-ean. Merkatu plazako Mari Carmen postuan erosiko dituzte osagaiak, eta horiekin ilarrak urdaiazpiko-txirbilekin eta poché arrautzarekin prestatuko dituzte.
Era berean, azenario krematsuko krujileta pintxoak ere osatuko dituzte; horiek dastatzeko aukera izango da saioan. Talaiberriko txakolina ere eskainiko dute. Aurrekoan, Mokoroakoa dastatu zuten bertaratu zirenek. Aiala ostalaritza eskolako ikasle Lierni Gutierrez izango da saio horretan sukaldari nagusia, eta hari laguntzen jardungo du Eneko Arandiak.
Saioak irauten duen bitartean, haurren txokoa ere izango da Merkatu plazako lehenbiziko solairuan. Halaber, larunbatean Merkatutik zuretzat! ekimeneko bigarren otarra zozkatuko dute. Otarra, besteak beste, barazkiak erosteko 10 euroko txartela, ilarrak prestatzeko urdaiazpiko zatiak, arrautzak, atuntxikia kontserban, zainzuriak, txistorra, tipulina, gazta eta Talaiberriko txakolin botila batez dago osatuta. Zozketarako txartela saio bakoitza ospatuko den hilabetean zehar Merkatu plazan erosketak egindakoan eskuratu ahalko da. Gaur da zozketan parte hartu ahal izateko txartelak lortzeko azken eguna.
Hilero, saio bat
Pasa den apirilaren 8an ekin zioten Merkatutik zuretzat! zikloari, lehen sektorea indartu eta Merkatu plaza balioan jartzeko helburuarekin. Jesus Arana Sustapen ekonomikoko zinegotziaren arabera, "harrera oso ona" izan zuen, eta horregatik, datozen saioetan parte hartzera deitu ditu herritarrak. Hamabi hilabetetan, hilero larunbat batean, garaian garaiko eta bertako produktuak aurkeztuko dituzte. Aialako ikasleek Merkatu plazan erositako produktuekin hainbat plater tradizional osatuko dituzte.
Gerora, Zurekin elkartearen laguntzarekin, errezeta oro herriko taberna eta jatetxeetan eskuratzeko aukera izango da. Merkatu plazako baserritar zein saltzaileek ere banatuko dituzte bezeroen artean.