Hirugarren Adinekoen Mahaiak antolatuta, klownaren pedagogian oinarritutako ikuspegi berritzailea ezagutaraziko du Lurdes Urbina aholkulariak gaur. Urbinak Frantziako Lombez-Tolouseko Le Bataclown eskola aitzindarian ikasi zuen, eta klown terapeutikoko aholkularia da erakunde publiko nahiz pribatuetan.
Besteak beste, Osakidetzan, droga-mendekotasuna duten pertsonekin, hirugarren adinekoekin, nerabeekin eta haurren prebentzioan egiten du lan. "Lurdesen optimismoak, pasioak, esperientziak eta ibilbide profesionalak klown terapeutikoan murgilduko gaitu. Aukera paregabea iruditzen zait jende ugari laguntzen duen pedagogia ezagutzeko", nabarmendu du Hirugarren Adinekoen zinegotzi Miren Letamendiak.
Hitzaldi horren bidez, teknika hori erabiliz autoestimua nola indartzen den erakutsiko du. Hitzordua sormena, indarrak eta gorputz espresioa garatu nahi dituzten pertsona helduei dago zuzenduta. 19:00etan izango da, Modelo aretoan. Gaurkoa Hirugarren Adinekoen Mahaiak antolatzen duen hirugarren hitzordua da.