Parte hartzea sustatzeko

Zarauzko Hitza 2017ko urtarrilaren 25a

Zarauzko Adinekoen Mahaia osatzen duten kide batzuk. (Amaia Ventas Aldabaldetreku)

Zarauzko Adinekoen Mahaia zabaltzeko, hilero hitzaldiak izango dira eta urrian, berriz, Erretiratuen Astea. Aurreikusi dute apirilerako egongo dela burututa herriko adinekoen inguruko diagnostikoa.

Urtebete da udaleko talde politikoek, teknikariek eta herriko askotariko elkarteek Zarautzen Adinekoen Mahaia martxan jarri zutela, eta ordutik «lan handia» egin dute adinekoi begira. Hilero egiten biltzen da taldea hainbat lanketa egiteko, bigarren asteko asteazkenetan, 10:00etatik 12:00etara, Ongizate zerbitzuan. Zentzu horretan, 2017a ere urte "bizia" izan da, berrikuntzaz betea, Miren Letamendia Hirugarren Adinekoen zinegotziaren arabera.

Batetik, hilero hitzaldiak antolatzen hasiko da Hirugarren Adinekoen Mahaia. Hala, otsailaren 1ean, datorren asteazkenean, Felix Zubia medikuak artrosia, artritia eta hezurretako minez jardungo du, 19:00etan Modelon. Martxorako, berriz, hirugarren adinari eta sexuari buruz jardungo dute bertaratzen direnek Aitziber Estonba sexologo eta Zarauzko Sexu Aholkularitza Zerbitzuko arduradunarekin. "Mahai gainean hainbat gai ditugu eta aurrerago jakinaraziko ditugu gainontzeko hitzorduak".

Gainera, aurten mahai horrek hartu du Erretiratuen Astea antolatzeko ardura, udalaren laguntzarekin. Urrian izango da, eta orain arteko ekitaldiez gain—bingoa eta musa, besteak beste— askotariko ekintzak ere izango direla aurreratu du.

Ekitaldi horiek guztiak herriko elkarte nahiz norbanakoen parte hartzea bultzatzeko egingo dituzte. Besteak beste, Iñurritza, Nagusilan, Udaberri, Duintasuna eta Afagi elkartekoek hartzen dute parte Zarauzko Adinekoen Mahaian, eta Letamendiak jakinarazi du "lan handia" ari direla egiten guztiak elkarrekin, eta hala jarraitzeko eta gogoa dutela. Hala, zarauztar guztiak hitzaldietara bertaratu eta nahi duen orok hileroko dinamiketan parte hartzera gonbidatzen dituzte.

Diagnostikoa, apirilerako

Hilero egiten dituzten talde dinamiken bidez, Euskadi Lagunkoia proiektuaren lehenbiziko faseko diagnostikoa aritu dira lantzen Zarauzko Adinekoen Mahaian orain arte. Euskadi Lagunkoiaren helburua adineko pertsonek zahartzaro aktibo eta osasungarria izatea du helburu, eta egiten ari diren diagnostikoan jaso nahi dute herriko adinekoen egoera nolakoa den eta zeintzuk diren haien kezkak. Hain justu, udalak aurtengo aurrekontuetan partida bat gorde du hori burutzeko. 

Diagnostiko hori burutzeko hiru dira informazio iturriak, Hirugarren Adinekoen zinegotziaren arabera: talde dinamika horiek, udal teknikariek landutako datuak eta inkestak."Informazio asko jaso dugu dinamiketan eta datuak lantzen ari dira teknikariak", zehaztu du. Inkestei dagokionez, orain arte hainbat  egin ditu Matia institutuak, eta otsailean berriz ekingo diote lan horri. Herriko ikastetxeetan eta HAZen banatuko dituzte.

Letamendiak aurreratu du diagnostikoa apirilerako prest izango duela institutu horrek eta orduan aurkeztuko duela: "Behin diagnostikoa eskuetan dugula, gure plangintza prestatzen hasiko gara". 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide