Bihar 14:00etan elkartuko dira udal ordezkariak, BPXport eta Balea Igeriketa enpresetako arduradunak nahiz kiroldegiko langileak, ELAko Urola Kostako zerbitzuetako ordezkari Janire Diazekin batera, «12 egunetako greba [4 deialdietan banatuta] egin ondoren, benetako fundamentuzko bileran». Bertan, kontraproposamena egingo diete beharginek enpresei, atzo jaso zutenari erantzun asmoz.
Diazen jakinarazi duenez, astelehen arratsaldean bildu ziren udal ordezkariak eta langileak, «enpresak Udal Gobernuari telefonoz helarazi zien proposamena jakinarazteko». Ondokoa proposatu zieten: 2017, 2018, 2019 eta 2020eko soldatetan KPI gehi 0,5 puntu aplikatzea. «Duela bi hilabete heldu behar bazuen ere, uste dugu proposamen positiboa dela. Hala ere, ez da inondik inora nahikoa, are gutxiago kontuan izanda 2012tik hitzarmena iraungita dagoela, 12 greba egun eginda eta horrek dakarren guztia», nabarmendu du Diazek. «Udal ordezkariak dioten bitartekari lan horretan jarrita, esan ziguten pleguak hor zeudela eta tarta mahai gainean zegoela, eta hortik aurrera guk erabaki behar dugula hori nola banatu».
«Negoziazio erreala»
Aurreko astean agerraldia egin zuten udal ordezkariek, eta besteak beste, nabarmendu zuten enpresek hiru proposamen egin dituztela, baina beharginen aldetik ez dela kontraproposamenik iritsi. Horri erantzunez aurkeztuko dute bihar kontraproposamena. Gaur hori biribiltzen ari direla jakinarazi zuen Diazek, baina aurreratu du aurrez eskatu dutena—KPIa gehi bi puntu igotzea soldatak— apur bat jaitsiko dutela. «Badakigu negoziazio bat dela, baina hala ere, akordio zentzudun eta arrazoizkoena lortzen saiatuko gara». Kontraproposamenarekin «estutu» egingo dute, udal ordezkariek «arduraz» joka dezaten. Izan ere, «negoziazio erreala» bultzatu nahi dutela dio, «irtenbide duina» aurkitze aldera.
Adierazi du «denbora gainera» datorkiela; izan ere, martxoaren 27an amaituko da kiroldegiko zerbitzu bateratua emango duen enpresa aukeratzeko proposamenak aurkezteko epea. «Hortik aurrera konplikatu egingo da juridikoki pleguak aldatzeko aukera». Horrekin batera, gogoratu du «inork nahi ez duen arren», astelehenetik aurrera greba mugagabea dutela aurreikusita.
«Ez dira bitartekariak»
ELAko ordezkariaren arabera, «oso larria» da udal ordezkariek hartutako jarrera. «Gogoratu beharra dago diru publikoarekin jokatzen ari direla, eta kiroldegikoa zerbitzu publiko bat dela», zehaztu du. Zentzu horretan, salatu du Udal Gobernua «enpresen hitzak bere ahotan» ari dela jartzen, «enpresen interesak langile kolektiboaren gainetik jarriz». Errepikatu du udal ordezkariak ez direla bitartekariak, «arduradunak» baizik. Horregatik, «arduraz eta seriotasunez» jokatzeko eskatu die. Beste behin, gogoratu du kiroldegiko langileak negoziatzeko borondatea dutela.
Hori da, hain zuzen, pasa den larunbatean, 12. greba egunean, eskatu zutena. Manifestazioa egin zuten kiroldegitik udaletxe atariraino, Negoziatu, ez ezkutatu lelopean. «Jende dezente elkartu ginen, eta herritarren babesa sentitu genuen». Diazek mobilizazioak «oihartzuna» izan zuela nabarmendu du; «izan ere, arratsalde horretan bertan jaso genuen udalaren partetik deia».
«Borondatea» eskatu dute
Udal Gobernukoek aurreko agerraldian soldaten gainean esandakoa ere gezurtatu dute kiroldegiko beharginek, esanaz haien soldatak ez direla 25.000 eurokoak. «Inondik inora ere, bestela ez ginateke gauden egoeran egongo, gure energia eta denbora xahutzen». Azaldu dutenez 25 langiletik hiru bakarrik dira lanaldi osoa dutenak, «gainontzekook lanaldi partzialak ditugu, eta ez gara zenbaki horietara hurbildu ere egiten. Adibidez, kolektibo honetan %32,5 lanaldiarekin eta urtean 8.315,16 euro irabazten dutenak badira edo %18,25 lanaldia izan eta urtean 4.669,28 euro irabazten dutenak». Hori guztiaz gainera, langileen gehiengoak urtean 10 hilabete bakarrik lan egiten dutela esan dute, «udan langabezira joanaz». Adibide horiek azalduta, Udal Gobernuari «egia osoa» esateko eskatu diote.
2016ko apiriletik Udal Gobernuarekin biltzen ari direla gogorarazi dute beharginek. «Gure eskakizunak luzatzen joan dira eta beraiek eragin dute gaur egungo egoera. Arazoak badu konponbidea, baina falta dena borondate politikoa da», salatu dute.