Kiroldegiko langileen auzia

«Enpresek hiru proposamen egin dituzte; ez da langileen kontraproposamenik iritsi»

Zarauzko Hitza 2017ko mar. 16a, 18:48

Iban San Martin eta Jesus Arana, gaurko agerraldian.

Udal Gobernuko kideek kiroldegiko enpresei nahiz langileei lan gatazka konpontzeko negozia dezatela eskatu diete beste behin.

BPXport eta Balea Igeriketa enpresetako langileek 10. greba eguna zuten atzo eta, lehenbiziko aldiz, agerraldia egin zuten eguerdian Zarauzko Udal Gobernuko ordezkari Jesus Aranak eta Iban San Martinek, «kiroldegiko langileen eta enpresen arteko lan gatazkaren» nondik norakoak azaltzeko.  Eurek «argi eta garbi» utzi zuten Udal Gobernua bitartekari lana egiten ari dela.

Akordio batera heltzeko helburuarekin, enpresek beharginei hiru proposamen egin dizkietela azaldu zuen Aranak, baina langileek oraindik ere ez dutela kontraproposamenik aurkeztu. Haren arabera, batetik, 2012tik iraungita dagoen Gipuzkoako Instalazio Publikoen hitzarmena berridatzi eta sinatzeko proposatu zieten Gabonen ondoren. Bestetik, martxoaren hasieran, «langileen plataformako hainbat puntu» barnebiltzen dituen proposamena egin zieten enpresek, besteak beste, KPIaren %85eko igoerarekin soldatetan.

Azkenik, aste honetan, soldatak eguneratu ondoren, urtero urteko soldatetan ehuneko jakin bat igotzea proposatu diete, hau da, 2017an soldatak %1,8 igo eta gero, 2020 bitartera arte, urtero, %1a areagotzea. Aranaren arabera, langileek KPIa gehi bi puntuko igoera eskatu dute, baina «KPIa balore aldakorra» denez, «enpresek ehuneko hau finkoa izatea eskatzen» dute.

Era berean, Udal Gobernuko kideek 2012ko tauletan jasotzen diren soldata gordinen zenbatekoak jakinarazi zituzten: «Begirale batentzat urteko 25.585 eurokoa da, sorosleena 24.111 eurokoa eta harrerakoena 21.118 eurokoa. Hori guztia, antzinaztasuna eta beste gehigarriak kontuan hartu gabe». Gaineratu du langileek «15 paga» dituztela, eta horiek kontuan izanik, «begirale batek hileko 1.705 euroko soldata gordina izango luke, sorosle batek 1.600 eurokoa eta harrerakoek 1.407 eurokoa. Kopuru hauek ere gordinak dira, antzinatasuna eta beste plusak kontuan izan gabe».  

«Urratsa eman dezatela»

Azken proposamenean jasotako ehunekoak ezarriz gero,  2020-rako soldata gordinak zenbat igoko lirateken jakinarazi zuen: sorosleek 1.177 euro gehiago kobratuko lituzkete hemendik 3 urtetara; begiraleek 1.250 euro gehiago eta harrerakoek, berriz, 1.030 euro gehiago. «Ozenki eta harrotasun puntu batekin esan dezakegu Zarauzko kiroldegiko langileek beste antzeko zerbitzuak eskaintzen dituzten hainbat kiroldegietakoek baino baldintza hobeak dituztela gaur egun», adierazi zuen Aranak. «Eta Udal Gobernuak eman dituen urratsekin, ez bakarrik mantendu, baizik eta  hobetu egingo direla».

Kiroldegiko langileek, ordea, adierazi dute proposamen horiek ez daudela «inondik ere» euren eskakizunetatik hurbil. Udal Gobernuko kideek esan zuten langileek plataformari eutsi diotela, eta ez dutela beste proposamenik egin. «Plataforma aurkeztu zutenean, negoziatzeko prest zeudela adierazi zuten. Horregatik, enpresen proposamena onartzen ez bazuten, kontraproposamen bat aurkeztu behar zutela esan genien. Kontraproposamen hori ez zen iritsi eta ez da iritsi», salatu zuen Aranak.   

Horregatik, beste behin, enpresei nahiz langileei eskatu diete negozia dezatela, lehenbailehen konponbide batera heltzeko. «Ez da udalaren lana plataforma hori eta proposamenak negoziatzea». Hala, langileei «arduraz» jokatzeko eskatu die, eta plataforma negoziatzeko eman zuten «hitza betetzeko». «Urratsa egin dezatela negoziatzen hasteko». Udal Gobernuak langileen lan baldintzak zainduko dituela hitz eman du, baina era berean, herritarren diruarekin «arduraz» jokatzea dagokiola.

Erlazionatuak

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide