Askapena Euskal Herriko erakunde internazionalistak otsailean eman zion hasiera aurtengo brigaden aurkezpen kanpainari, eta martxorako hainbat hitzaldi antolatu zituzten eskualdean. Azken hitzorduak aste honetan izango dira, Putzuzulon. Batetik, ostegun honetan Raul Garcia Linerak Boliviako egoera eta prozesu eraldatzailearen berri emango du. Herrialde horretako presidente ordearen anaia Boliviatik zuzenean ariko da, 19:00etatik aurrera, streaming bidez. Herrialde Katalanetako brigadisten hitzaldia zegoen aurreikusita egun horretarako, baina aldaketa egon da.
Bestetik, igandean, Bretainiako Nortre-Dame-des-Landeseko ZAD Zone A Defendre eremuan egondako bi kidek euren bizipenak azalduko dituzte, 19:00etatik aurrera. Ondoren, zikloa biribiltzeko, kontzertu akustikoa eskainiko dute Isuo eta Kezman musikariek.