Asteazkenean izango da Hirugarren Adinekoen Mahaiak antolatutako bigarren hitzaldia

Zarauzko Hitza 2017ko otsailaren 28a

Jende ugari bildu zuen Felix Zubiak eskainitako hitzaldiak, otsailaren 1ean. (Zarauzko Udala)

Aitziber Estonbak sexua eta hirugarren adinaren inguruan jardungo du, 19:00etan, Modelon.

Urtebete pasatu da Zarauzko Hirugarren Adinekoen Mahaia sortu zutenetik, eta aurten bultzada emateko helburuarekin, hainbat ekintza egingo dituzte. Zentzu horretan, hilero hitzaldi bat antolatuko dute. Otsailaren 1ean izan zen lehenbizikoa, Felix Zubia medikuaren eskutik, artrosia, artritia eta hezurretako minaren inguruan. Bigarrengoa asteazken honetan eskainiko du Aitziber Estonba sexologo eta Zarauzko Sexu Aholkularitza Zerbitzuko arduradunak. Hitzordu horretan sexuaz eta hirugarren adinaz jardungo du. Aurreratu dutenez, Estonbak sexualitatearen kontzeptu zabala azalduko du hasieran, hirugarren adinera heltzean sexualitatearekin gertatzen denaz, desiraren gutxitzeaz edota desagertzeaz, besteak beste. Zentzu horretan, desioa nola sustatu daitekeen azalduko du. Jakinarazi dutenez, hitzaldi parte-hartzailea izatea nahi dute, eta ordubete inguru iraungo du.

Miren Letamendia Hirugarren Adinekoen zinegotziak nabarmendu du gai interesgarriak lantzeko hitzordu gehiago antolatzeko asmoa dutela. "Felix Zubiak eskainitako hitzladiak arrakasta handia izan zuen. Oso ongi azaldu zuen guztia eta gerturatu ginenen arreta guztia bereganatu zuen". Modu horretan jarraitzea espero dutela jakinarazi du.

Diagnostikoa, apirilerako

Zarauzko Hirugarren Adinekoen Mahaia hilero elkartzen da, hileko bigarren asteazkenetan, 10:00etatik 12:00etara, Gizarte Zerbitzuetan (Zigordia kalea, 33). Udaleko talde politikoek, teknikariek eta herriko askotariko elkarteek osatzen dute, besteak beste, Nagusilan, Udaberri, Duintasuna eta Afagi elkartekoek zein norbanakoek.

Iaz Euskadi Lagunkoia proiektuaren lehenbiziko faseko diagnostikoa aritu ziren lantzen mahai horretan. Euskadi Lagunkoiaren helburua adineko pertsonek zahartzaro aktibo eta osasungarria izatea du helburu, eta horri lotuta, hainbat gai ari dira lantzen hileroko talde dinamiketan. Aurreikusi dute diagnostikoa apirilerako egongo dela prest, Matia Fundazioaren eta udal teknikarien laguntzarekin, eta orduan hasiko direla plangintza prestatzen. 

Letamendiak eskerrak eman dizkie Hirugarren Adinekoen Mahaia osatzen dutenei, eta nabarmendu du "lan handia" egiten dutela. "Ilusioz eta gogoz gaude hirugarren adineko pertsonen alde lan egiteko eta zarauztar guztiak gonbidatu nahi ditut mahai honetatik antolatzen ditugun ekitaldietan parte hartzera".

Erlazionatuak

Parte hartzea sustatzeko

Zarauzko Hitza 2017 urt 25 Gizartea

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide