Atzera bota dute isundu dituzten bost gazteen helegitea

Zarauzko Hitza 2017ko otsailaren 23a

«Besterik pentsatu nahiko genukeen arren, uste dugu Zubietako errauste plantaren aurkako mezuak zirelako zigortu gaituztela", nabarmendu dute isuna jaso duten gazteek.

Euskal Jai Egunean, Ertzaintzak herriko 5 gazte identifikatu zituen Zubietako errauste plantaren aurkako kartelak jartzeagatik, eta 100na euroko isuna jarri zien Zarauzko Udalak. Horren aurrean, zigor espedientea erretiratzeko eskatuz helegitea aurkeztu zuten gazteek udaletxean, azaroaren 24ean. Orain, helegite hori bertan behera geratu dela jakinarazi dute gazteek. «Legea argia dela esan digute errekurtsoaren ez onartze agirian, eta hala izango da. Baina nahiz eta duela bi agintaldiko legea izan, lehen aldiz izan da aplikatua Bide publikoaren erabilera eta garbiketa nahiz hiri paisaiaren zaintza arautzeko ordenantza»,nabarmendu dute.

Haien arabera, ordenantza hori «oso zabala» da, eta «ohikoak diren jarrerak zigortzen dira,  ez-politikoak». «Orain arte zigor bakar bat ere jaso ez duten jarrerak», zehaztu dute. Ohartarazi dute eurek informazio politikoaren banaketa egin zutela, errauste plantaren ondorio negatiboen inguruko kartelen bidez eta panel urdinetatik kanpo. «Besterik pentsatu nahiko genukeen arren, uste dugu Zubietako errauste plantaren aurkako mezuak zirelako zigortu gaituztela. Hau da, haien ekinbideak motibazio politikoa duela».

Zigorra jaso duten gazteek nabarmendu dute «bizi garen ingurunearen garbitasunak, etorkizunak eta hiri paisaiaren zaintzak kezkatzen» dituela, eta horregatik plazaratu zutela euren kezken inguruko informazioa, «errespetuz, indarkeriarik gabe eta giro onean».

«Beste modu batera»

«Ez dugu ulertu eta ez dugu inoiz ulertzerik lortuko isun honek izan ditzakeen ondorio positiboak». Gauzak «beste modu batera»  egin zitezkeela diote, eta «zigor ekonomiko batek udal baten ahultasuna besterik ez duela uzten agerian». Ohartarazi dute ez dutela jarraituko bide administratibotik ezta penaletik ere, eta isuna bere osotasunean ordainduko dutela.

Ordenantza horren funtzionaltasuna berrikusteko, eta espazio publikoan hainbat aldarrikapen zabaltzeko ekintzak zigortzeko asmo guztiak bertan behera uzteko eskatu dute.

«11 kilometrora egin nahi duten errauste plantak Zarautz 35 urtez hipotekatu eta bere ingurugiroa betirako kutsatuko duela salatzen dugu. Ez dugu errauste plantarik ezta bereizi gabeko zaborra gordeko duen zabortegirik nahi ezta behar ere», azaldu dute. Zentzu horretan, herritarrei eskatu diete hondakinak gutxitu, berrerabili eta birzikla ditzatela, eta aurrerantzean azpiegitura horren kontra antolatuko diren ekintzetan parte hartzeko.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide