Euskal Jai Egunean, irailaren 9an, Ertzaintzak herriko bost gazte identifikatu zituen Zubietako errauste plantaren aurkako kartelak jartzen, eta orain 100na euroko isuna jarri die Zarauzko Udalak. Hain justu ere, bide publikoaren erabilera eta garbiketa nahiz hiri-paisaiaren zaintza arautzeko ordenantza haustea egozten diete. Ezarri dieten zigorrarekin desados, helegitea aurkeztuko dute bihar arratsaldean espedientea erretiratzeko eskatuz.
"Gu boston asmoa, gure kezken inguruko informazio plazaratze bat egitea izan zen, errespetuz, indarkeriarik gabe eta giro onean festa-eguna izaki. Etxapeetan eta komertzio txiki pribatuetan ez zen kartel bat ere itsatsi, eta zaborrontzietan jarri ziren gehien-gehienak herriko garbitasuna errespetatu asmoz", arrazoitu dute.
Kalez jantzitako poliziek eta patruila batek identifikatu zituztela ekarri dute gogora, eta haien aldetik "ez zutela gu kargutzeko arrazoirik" esan zietela. "Zuzenean Udalak tramitatuko zuela adierazi ziguten, hau herri mailako kontu bat zelako eta gure jarrera egokia eta baketsua zela iruditu zitzaielako".
"Motibazio politikoa"
Euskal Jai Egunean "zikinkeriari, zaratari, ordutegiei eta espazio publikoari dagokienez, legea eta herri ordenantzak hausten" direla diote, baina "gehienetan inongo ondoriorik gabe pasatzen dira horrelako asko eta asko". Hori horrela, uste dute "motibazio politiko bat" dagoela Alkatetzaren aldetik, "gu harrapatu eta zigortzeko".
Argi utzi nahi izan dute ez direla inongo talde edo elkarte jakin batekoak, eta ingurugiroak nahiz Zubietan egin asmo duten errauste plantak kezkatzen dituela. Hain justu ere, iritzi diote errauste plantari egindako kritikak direla "gutako bakoitza ekonomikoki zigortzeko arrazoi bakarra eta ez kalea zikintzetik eratorritako argudioak". Halaber, ezarri dieten 100na euroko isuna "neurriz kanpoko erabaki bat" dela uste dute.
"Ondorioz, bizi garen ingurunearen garbitasuna eta hiri-paisaiaren zaintzak kezkatzen gaituelako, uste dugu espazio publikoari eta bertan bizi garen pertsonoi, kalte gehiago egiten diola errauste planta batek, kaleko paretetan jarritako kartelek baino", nabarmendu dute.
Era berean, GuraSos elkateak larunbaterako antolatu duen manifestaziorako deia egin dute; Donostian izango da, 17:00etan, Araba plazatik abiatuta.