Amorratuta» sentitzen dira kiroldegiko langileak. «Gogorra egiten da egoera», diote Amaia Garate eta Eider Gonzalez Etxabarrik. Balea Igeriketako langileak dira biak. Enpresa horretako zein BPXporteko langileak, kiroldegian lehorreko, igerilekuko nahiz harrerako zerbitzua eskaintzen duten enpresetako beharginak lan gatazka batean daude murgilduta iaztik. Euren lan baldintzak bermatu ditzaten nahi dute, baina haien esanetan, «udalak ez du borondaterik».
2016ko apirilean, kiroldegiko harrera zerbitzuan murrizketak egin zituen udalak, «egun batetik bestera». Horren harira, Udal Gobernuak jakinarazi zien Balea Igeriketak eskaintzen dituen zerbitzuak «hutsune ekonomikoak» dituela,eta plegu integral berria atera eta lehiaketa publikoa egingo zela kiroldegiko zerbitzua bateratuta eskainiko zuen enpresa aukeratzeko.
2012tik hitzarmena iraungita dutenez, ekainean plataforma bat sortu zuten langileek, hitzarmen propioa negoziatzen hasteko. Haien «borroka» da plataforma hori pleguetan sartzea, «datorren enpresa datorrela, hori bermatzera derrigortuta egon dadin. Ez badira gure eskaerak jasotzen, ez daukagu segurtasunik. Horregatik, guk nahi duguna da geure burua blindatu».
Aurreko hitzarmena oinarri hartuta, lan baldintzak «duinago» dituzte. «Egun bi enpresetako langileok baldintza ezberdinak ditugu. Moldatu egin ditugu, guztiok baldintza berak izan ditzagun». Pleguak dagoeneko eginda daudela diote langileek, urtarrilean zirela ateratzekoak, baina oraindik ere ez dituztela kaleratu. Langileek ez dute plegu horietan jaso dutenaren berri, publiko egin arte ezin delako jakinarazi. «Ez dakigu gure eskaerak jasoak izan diren, soilik dakigu subrogazioa bermatuko dela, legeak hala diolako».
Aurreikusi dutenez, maiatzerako egongo litzateke zerbitzua bateratuta, eta horregatik, langileentzat «garrantzitsua» da pleguak kaleratu aurretik eurek eskatutakoa baldintzetan jasota egotea.
Negoziatzeko borondatea
Haien arabera, uztailean eman zioten Udal Gobernuari plataforma, eta urtarrilaren 13an izan zuten bileran, Jesus Arana EAJko bozeramaileak adierazi zien ez zuela «irakurri ere egin». «Errespetu falta» dela diote, «deskonfiantza handia» ematen diela.
«Udalak dio enpresarekin konpondu beharreko gatazka dela», gogoratu dute. «Baina, zuzenean, udala dago atzetik. Enpresek ez badute babes ekonomikorik, ezin diete aurre egin zenbakiei. Pilota besteen teilatura ari dira pasatzen». Horregatik, negoziatzeko borondatea eskatu diote Udal Gobernuari. «Zein da arrazoia pleguetan gure plataforma hau ez jasotzeko? Ez dugu ulertzen. Orain arte ondo funtzionatu du, zergatik ez?», galdetu dute.
Jakin badakite kiroldegia ixteak herritarrengan eragina duela, eta horregatik, eskerrak eman dizkiete izandako jarreragatik. «Erabiltzaileak, zorionez, ulertzen dute gure egoera». Kiroldegiak, egunero 1.400 bat erabiltzaile ditu, eta bazkideak 7.000 inguru dira. «Horien babesa sentitzea garrantzitsua da. Aurrera egiteko indarra ematen digu». Zentzu horretan, bihar eta etziko mobilizazioetan parte hartzeko dei egin diete.