Udal Gobernuko arduradun Jesus Aranak eta Iban San Martinek deituta, bilera izan zuten atzo arratsaldean eta bertan izan ziren kiroldegiko langileen ordezkariak eta Baleako nahiz BXPxporteko arduradunak. ELAko Urola Kostako ordezkari Janire Diazek jakitera eman duenez, bileran langileen jarrera mahai gainean jartzen saiatu ziren, eta "uste genuen bilera horretan konponbide bat emango zitzaigula". Bilerara "itxaropenarekin" eta "gogotsu" joan zirela dio, elkarrekin biltzeko deia "albiste ona" zelako, baina ez zela hala suertatu. "Bertan jakin genuen pleguak onartuta eta argitaratzera bidalita daudela, guri kontsultatu gabe. Azken pauso hori eman dute gurekin inolako kontrasterik egin gabe, jakin badakitenean duela zazpi-zortzi hilabetetatik gure eskakizun nagusia dela langileen lan baldintzak bermartuko dituen hitzarmen kolektiboa plegutan jasota gelditzea".
Beren eskakizunak "kontuan hartu gabe" eta eta "hitzarmen kolektiboa zein den finkatu gabe" pleguak argitaratzea "oso larria" dela nabarmendu du ELAko ordezkariak. Udal arduradunek azaldu zietenaren arabera, pleguetan ondorengoa zehazten da: kiroldegiaren ardura hartzen duen enpresa berriak aplikatu beharko duela momentu horretan indarrean dagoen hitzarmena. "Espainiako izan liteke edo Gipuzkoan dagoen beste hitzarmen bat, gaur egungoa baino baldintza okerragokoak", adierazi du Diazek. Bere hitzetan, "guztiz irekita utzi dute klausula hori, eta langileen lan baldintzei begira oso kaltegarria da".
"Pleguak aldatu ditzakete"
Bestalde, "udal arduradunek esan ziguten behin pleguak argitaratzen direnean ezin direla aldatu", baina juridikoki begira ari direla eta "nahi izango balute" oraindik aldatu ditzaketela dio Diazek. "Azkenean, pleguak kontrataziora bideratzen dira, eta horiek argitaratu bitartean denbora tarte bat egon ohi da. Hain justu, tarte horretan aldaketak egiteko eskumena badu udalak".
Bien bitartean, "konponbidea mahai gainean jarri arte edo udalak arduraz hartu eta bidea zein den markatu arte", borrokan jarraitzeko asmoa dute. "Azken finean, euren ardura da langileen lan baldintzak plegutan zehaztea, eta beraiek dituzte eskumen legal guztiak hori nahi duten bezala jasotzeko, baina borondate politikorik ez badago, azpikontratatuta dauden langile hauen lan baldintzak posible da okerrera joatea. Eta hori da guk nahi ez duguna".
Mobilizazioak egunotan
Gauzak horrela, eta aurretik iragarri zuten bezala, kiroldegiko langileek lanuzteak egingo dituzte bihar eta etzi, otsailaren 16an eta 17an. Bihar, goizeko 06:00etan elkartuko dira kiroldegiko sarreran, eta 10:00ak bitartean bertan izango dira. Arratsaldean, 17:00etan, auto karabana bat egiteko asmoa dute kiroldegi aurretik aterata, eta herriari itzulia emango diote aldarrikapenak eginez.
Ostiralean, goizeko 06:00etatik 10:00etara izango dira kiroldegi aurrean, eta 18:00etan berriro kiroldegi aurrean elkartuko dira, 18:30ean hasita bizikleta martxa bat egiteko. "Bizikleta martxa irekia egin nahi dugu, herritarrak bultzatu nahi ditugu gurekin parte hartzera. Ikusten dugu asko babesten gaituztela, eta haien babes hori beharrezkoa dela", azaldu du Diazek. Ondoren, 19:00etan, elkarretaratzea egingo dute udaletxe aurrean.