Larunbatean ekingo diote Gazte Zerbitzua osatzeko hirugarren faseari

Zarauzko Hitza 2017ko otsailaren 9a

Proposamen faseko lehenbiziko hitzordua Etxezabalan izango da, 11:00etatik 13:00etara.

Gure Modura proiektua Gaztematikak eta Aldundiko Partaidetza sailak sustatu dute, udalarekin elkarlanean. Helburua gazteekin batera gazte zerbitzua diseinatzea da. Azaroan abiatu zuten eta dagoeneko hainbat fase burutu dituzte: lehenbizikoa, prestaketarena eta bigarrengoa, diagnostikoarena. “Diagnostiko fasean Zarauzko gazteek horrelako zerbitzu baten beharra sentitzen duten ala ez argitzeko lanean ibili ginen eta, orain, proposamen fasean, zerbitzuaren diseinuaren nondik norakoak landuko ditugu aurreko fasean jasotakoa oinarri hartuz”, azaldu du Jonan Urdangarin Urrutia Gaztedi zinegotziak. Hala, larunbat honetan ekingo diote hirugarren fase horri. Bilera 11:00etatik 13:00etara izango da, Etxezabalako bilera aretoan.

Proposamen fase horretan, beste bi bilera ireki egingo dituzte eta, hitzordu horietan jasotako ekarpenak gazte talde motorrarekin—aurreko bi faseetan osatu dute, parte hartu duten gazteekin— egingo diren hitzorduetan landuko dira. Era berean, udalarekin ere bilduko dira Gazte Zerbitzuaren markoa ezartzeko. Fase hori amaitzerakoan, aurkezpena egingo dute.

Ebaluazioa eta sistematizazioa

Ondorengo faseak, ebaluazioa eta sistematizazioari dagozkienak, martxoa eta apirilean lantzeko asmoa dute; izan ere, proiektua Aste Santuetarako aurkeztea aurreikusi dute. “Teknikariak sistematizaziorako ereduak lantzen ari dira dagoeneko eta etengabeko ebaluazioak egiten dituzte fase eta ekimen bakoitzean. Fasea amaitzean egingo den aurkezpenean, diseinatutako proiektua ezagutarazteaz gain, prozesu osoaren ebaluazioa ere egingo dute teknikariek”, azaldu du Urdangarinek.

Gaztedi zinegotziak herriko gazteak prozesuan parte hartzera animatu ditu:  “Gazteok beharrak ditugu, eta behar horiek asetzen lagunduko digun Gazte Zerbitzu bat Zarautzen izatea itzela da; baina horretarako, gazte guztiok, norbanako orok bere alea ipini behar du, zerbitzua guztion artean osatu, eraiki eta martxan jartzeko".

 

 

Erlazionatuak

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide